Bertan behera geratu da larunbatean Azkoitian jokatzekoa zen igeriketa txapelketa

Alebin mailako igerilarien txapelketa ziren jokatzekoa larunbatean Elkarguneko igerilekuan, baina Eusko Jaurlaritzaren erabakiz, eskola kiroleko lehiaketak bertan behera geldituko dira urtarrilaren 28ra arte, gutxienez.

COVID-19aren seigarren olatuari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako azken erabakien ondorioz, datorren larunbatean Azkoitian jokatzekoa zen igeriketa lehiaketa bertan behera geratu da. Gauza bera gertatu da Legazpiko (Gipuzkoa) igeriketa probekin ere.

Larunbatean, taldeko gazteenek, benjaminek, Legazpin zuten hitzordua, eta, alebinen egutegian, berriz, bi txapelketa zeuden deituta astebururako: larunbatean, Azkoitian, eta igandean, Legazpin. Oraingoz, Gipuzkoako Igeriketa Federazioak ez du jakinarazi lehiaketa horiek aurrerago egingo diren edo ez.

Jaurlaritzaren azken dekretuaren arabera, entrenamenduak bere horretan egin ahalko dira, betiere osasun neurriak beteta. Eskola kiroleko lehiaketak, berriz, urtarrilaren 28ra arte, gutxienez, etenda geratu dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Eskola Kiroleko Kontseiluak klubetara igorritako ohar batean, bere desadostasuna agertu du eskola kiroleko jarduerak etetearen inguruan. Hitzez hitz, horrela dio agiriak: "Eusko Jaurlaritzari jakinaraztea Gipuzkoako Eskola Kiroleko Lurralde Kontseilua ez dagoela ados eskola kirolaren inguruan orain arte hartutako neurriekin, ezta oraingo honetan proposatzen diren neurriekin ere".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide