Urte askotan izan zara Zubiaurreko partaide igerilari moduan. Nola hartu zenuen entrenatzaile izateko egin zizuten eskaintza?
Harrituta egia esan. Ez nuen inondik inora espero dei hori. Gustura hartu nuen eta erabakia galdera egin bezain laster hartu nuen, ezer pentsatu gabe.
Zer moduzkoa izan da hasiera? Nola hartu zaituzte igerilariek?
Hasiera ona izan da, gustura nago, benetan. Ilusioz gainezka. Pixkanaka igerilariak ezagutzen ari naiz, antolakuntza nola doan ere barneratzen ari naiz. Lehen aldia da lan honetan, eta pixkanaka ohitzen ari naiz. Arduraz hartu dut igeri elkarteak eta Alexek emandako konfiantza. Pisua sentitu nuen hasieran, baina Alexek ematen didan konfiantza-mailak segurtasun handia ematen dit.
Zein erronka jarri diozu zeure buruari lehenen urte honetarako?
Ikastea da nire aurtengo erronkarik garrantzitsuena; kirol helbururik ez diot jarri nire buruari. Alexengandik ikasi, igerilariengandik ikasi eta igeri mundua nolakoa den ikasi nahi dut. Adin desberdinetako kirolariak ditugu. Desberdintasun handiak daude, batetik egin beharreko lanetan, eta bestetik erabili beharreko lan moduetan.
Nire igerilari garaian oso lagun talde jatorra eta gertukoa sortu genuen. Nik asko eskertzen dut giro hori, pentsa, oraindik dugun harremana estuari eusten diogu. Gaur egungo igerilariak horrelako giroaz gozatzea nahiko nuke. Polita litzateke benetan.
Nire aurretik Txaro irakasleak egindako lana ere kontutan hartzeko modukoa izan dela azpimarratu nahiko nuke. Eskertu beharrean nago hasiera honetan eman didan laguntza guztia.
Amaitzeko, bihar denboraldiko lehen txapelketa, urduri?
Hau hasi besterik ez da egin. Urduri bai, baina bereziki ilusioz gainezka nago, eta ilusio hori taldeari transmititzea nahiko nuke. Urtea luzea da, baina seguru ondo pasatuko dugula.