1926. urteko otsailaren 22a. Data berezia da inolaz ere Urola eskualdeetako bizilagunentzat. Duela ehun urte egin zuen lehendabiziko bidaia Zumarraga eta Zumaia lotzen zituen Urolako trenak. Urola ibaiaren haranetan kokatutako trenbide estuko burdinbidean zehar egin ohi zuen bidaia tren hark. Espainiako Estatuko lehen linea elektrikoa izan zen, eta Euskal Y-aren zatiak martxan jarri baino lehen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eraiki zuten azken trenbide linea. Urolako biztanleentzat horren berezia zen trena otsailari lotutako garraioa izan da; izan ere, otsail batean abiatu eta otsail batean geratu zuten. Abian jarri zutela ehun urte beteko dira aurten, baina, era berean, 40 urte dira haren ustiapena bukatu zenetik; 1986ko udazkenean eten zuten trena, eta 1988ko otsailaren 2an itxi zuten behin betiko.
Herritarren eskariz jarri zuten Urolako trena martxan. Orduko biztanleek komunikazio sistema moderno, eroso eta bizkor baten beharra sumatu zuten. Trenaren linea egin eta ustiatuko zuen enpresa bat eratzeko saiakera ugari ziren orduan, baina, azkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zuen proiektua martxan, 1920an lortu zuen kontzesio bati esker. Handik sei urtera jarri zuten martxan trena. 34,4 kilometroko ibilbidea egiten zuen garraio hark Zumarragatik Zumaiara bidean; ordu bat eta hamar minutu behar izaten zituen trenak, gutxi gorabehera, bi herriak lotzeko. Ibilbide hori osatzeko, egun bidegorri sarean mantentzen diren 29 tunel eta hogei zubi eraiki zituzten, baita hamabost geltoki edota geraleku ere. Ramon Kortazar arkitektoak diseinatu zituen geltoki horiek. Azkoitiko lurretan, esaterako, hiru geltoki zeuden: egun utzita dagoen Aizpurutxon zegoen bat; nekazari batek ustiatzen duen Olotzagan dago bestea; eta egun Aizkibel liburutegia den eraikina da bestea.
Urolako trena bidaiarien eta merkantzien garraiorako zegoen pentsatuta. Helburu nagusia zen Gipuzkoaren erdigunea kostaldearekin lotzea, eta hein handi batean, bete zuen bere xedea. Lehen urteetan, 370.000 bidaiari inguru garraiatzen zituen urtero. Ordea, ondorengo hamarkadetan urtez urte hazten joan zen kopuru hori. 60ko hamarkadan, esaterako, ia milioi bat bidaiari jaso zituen. Azken urteetan, ordea, 400.000 bidaiarira murriztu zen kopurua.
Herritarren eta merkantzien garraio ohiturak, ordea, aldatuz joan ziren, eta bidaiari kopuruaren gorabeherak langile kopuruan ere eragin zuen. Linea inauguratu zutenean, 130 langile inguru zituen Urolako trenak; 164 langileko urteak ere izan zituen, baina azken urteetan 91ra jaitsi zen trenaren bueltan lan egiten zutenen kopurua.
1976an, trenaren ustiapena FEVE Espainiako Estatuko zabalera estuko trenbide sareetan bidaiari eta zama garraio zerbitzuak eskaintzen zituen enpresa publikoari ematea proposatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina kontuak ez zuen aurrera egin. Ordea, 1985ean, Eusko Jaurlaritzak trenbide estuko burdinbideen konpetentzia jaso zuen Espainiako Gobernuaren transferentzia bidez, eta linearen arduradun bihurtu zen hala. Urte berean, Eusko Jaurlaritzak txosten bat kaleratu zuen Urolako trenari zegozkion hainbat alternatiba jasoz; lau ziren alternatibak: azpiegitura, instalazioa eta parke ibiltaria berrezartzea; Urolako trena Donostia-Bilbo linean sartzea; ibilbidea zuzentzea eta material ibiltaria berritzea; eta linea ixtea, autobus lineez ordezkatuz.
1986ko apirilean, Imanol Murua orduko Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak trenaren bideragarritasuna defendatu zuen, gutxienez, Azkoitia eta Zumaia arteko ibilbidea egiteko. Ordea, Eusko Jaurlaritzak urte hartan bertan eten zuen zerbitzua, trenbideak, instalazioak eta material ibiltaria berritu beharrean zeudela argudiatuta. Gainera, trena berriz martxan jartzeko data zehatzik gabe eten zuten. Autobus linea bat jarri zuten trenaren ordezko gisa.
Trenbidean konponketa txiki batzuk egin zituzten hurrengo urtean, baina Eusko Jaurlaritzak atzera egin eta trena ez berritzea erabaki zuen 1987an. Trenaren aldeko mobilizazio jendetsuak egin ziren eskualde osoko herrietan. Ignacio Galdona Urolako treneko langileak, berriz, hilabete gose greba egin zuen, trenaren itxieraren aurka protesta egiteko.
Ahaleginak, baina, alferrikakoak izan ziren. 75 urtez zerbitzua eskaini ondoren, Eusko Jaurlaritzak 1988ko otsailaren 2an erabaki zuen trenbidea behin betiko ixtea. Enrique Antolin Eusko Jaurlaritzako orduko Garraio sailburuak defendatu zuen erakunde horrek hartutako erabakia. Besteak beste, sailburuak azaldu zuen eskualdean "oso biztanle gutxi" bizi zela, eta "erlazio txikia" zutela haiek Donostiarekin. Gainera, ibilbidea hobetzea "beharrezkoa" zen, eta horrek gastu handia suposatzen zuen. Era berean, Antolinek esan zuen trena ez zela "lehiakorra" errepide gaineko garraioarekiko. Trenbidean zehar zeuden geltoki kopurua jaistea zen tren azkarrago baten alde hartu beharreko neurrietako bat, baina aukera horrek erabiltzaileei zerbitzu kaskarragoa eskainiko ziela adierazi zuen.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.