Aurten ehun urte bete dira Ibaiondo kaleko Olinpia eraiki zutenetik. 1925. urtean zabaldu zuten gune hori herritarrentzat, azkoitiarrentzat antzoki edo areto bat baino gehiago izan zen eraikina.
Garai batean, Azkoitiak ez zuen izan antzokirik, eta kulturari lotutako ekitaldi guztiak herriko plazako alondegian egiten zituzten. Azkoitiko alondegian ardoa, olioa eta aleak saltzen zituzten, besteak beste. Kulturarako zaletasuna pizten ari zela eta, herriaren eskaera horri erantzunez egin zuten Olinpia. Eliza ez zen urrun ibili antzokiaren sorreran, eta Olinpiaren zati handi bat jabegoan izan zuen eraikina eraitsi bitartean.
Olinpia eraikin iluna izan zen kanpotik, baina argi asko eman zuena barrutik. Aurrealdean, antzokirako sarrerara bide egiten zuten bi eskailera zituen eraikinak.Aretoko agertokiaren bi alboetara, argia egiten zuten maskorrak zeuden, eta gainaldean, C, T eta O hizkiekin osatutako armarria: Cine-Teatro-Olimpia. Goian, berriz, anfiteatroa zuen, eta adornu gisa, berriz, zilarrezko purpurina kolorea zuten hormak.
Taberna, tindategia... Erabilera desberdinak izan dituzten lokalak zituen eraikinak behean. Oro har, herritarren bilgune izan zen Olinpia, baina baita beste zenbait guneren ordezko lekua ere. Esaterako, 1988tik 1992ra bitartean lanak egin zituzten Andre Mariaren Jasokundeko parrokian, eta eliza hara lekualdatu zuten lau urtez.
Aurten hamasei urte bete dira Olinpia eraikina bota zutela. Zehazki, 2009ko urtarrilean bota zuten askorentzat berezia izan den eraikin hura. Eraikin hark aspaldi galdu zuen lekua kalean, baina ez herritarren memorian; une, pasarte eta bizipen askoren sorlekua izan baitzen hura.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.