Zalantza gutxi dago lehengo Azkoitiak eta egungoak ez dutela inolako antzik. Paisaia ikuspegitik begiratuta soilik nabaritu daiteke hori. Iraileko Zaharrak berri atalerako Azkoitia Gukak hautatu duen argazki honetan ikus daitekeen moduan, herriak bilakaera izan duen azken hamarkadetan. Hil honetan, Munategin 1980. urtean hasi zituzten obrak erakutsi nahi izan ditu hedabide honek.
Pepe Gil argazkilariaren bildumako argazkia da honako hau. Irudiari begiratuta, argi ikus daiteke Munategi etxearen bueltak zer nolako aldaketa izan duen urte gutxian. Etxe horren inguruko belardien kaltetan, Azkoitia eta Azpeitia lotzen zituen errepidea Santa Kutz auzoko Basarte eremuarekin bat egiteko lanak hasi zituzten duela 45 urte. Obra horietan, besteak beste, uraren kanalizazio lanak ere gauzatu zituzten.
Gerora eraiki zuten bidegurutze horretako biribilgunea. 2020ko uztailean ekin eta urte horretako abenduan amaitu zituzten lanak. 499.112,56 euroko aurrekontua izan zuten obra horiek. Biribilguneak 42 metroko diametroa du eta hiru adar ditu: Basarte industrialdea, Azkoitia eta Azpeitia. Gainera, autobusentzako bi geltoki ditu bi herrietako noranzkoetan. Gunea oinezkoentzat eta txirrindularientzat ere egokituta dago.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.