Kontzejupea, haurren jolaserako plaza

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri

Hainbat haur Kontzejupean jolasean. (Udala/Arroitajauregi)

Hileko lehen igandero moduan, hamarkada batzuk atzera egin du Gukak orain ere. Ekainean zehar, askotariko ekintzak izango dira herrian, baina Pilotari Eguna egun gutxi barru ospatuko dela eta, Kontzejupeak hartu du protagonismoa.

Kontzejupea Azkoitiaren bihotza da, batetik, herriaren erdi-erdian dagoelako, baina, nagusiki, esku pilotaren herriko arnasgunea izan delako eta delako. Ekainaren 7an ospatuko da Azkoitian Pilotari Eguna, herriko pilota zein pilota mundua omentzeko eta hari aitortza egiteko eguna.

Egun horren bueltan antolatu ohi diren txapelketa ezberdinen bidez pilota zaletasuna sustatzea ere helburu dute antolatzaileek; izan ere, garai batean, ziur aski, egun baino zailagoa izango zen udaletxe azpiko paretetan pilotan egitea. Han ibilitako askok esan izan dute behintzat goizean goiz esnatuta ere, sarri askotan zaila izaten zela txokoren bat aurkitzea. Lanera joan bitarteko hutsuneak ere pilotan jokatuz bete ohi zituzten askok lehen, egun umeek eskolara joan aurretik egiten duten moduan.

Gukak hilabete honetarako hautatu duen argazkia udalaren Arroitajauregi bildumakoa da, 1960. urte ingurukoa. Egun frontoian topatu daitekeen argazkiaren antzekoa da ordukoa ere: hainbat haur jolasean eta herritarrik helduenak haiei begira, atzeko eserlekuan jarrita nahiz plazako pasadizoan.

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide