Herriko bizimodua, duela 110 urte

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2025ko ots. 2a, 09:00

Dozenaka herritar kalean, 1915ean, Plazaberri barrenean. (Indalecio Ojanguren/Gure Gipuzkoa)

Gukak 110 urte egin du atzera, orduko eta egungo bizimoduaren alderaketa bat egiteko asmoz. Indalecio Ojanguren argazkilariak 1915ean Plazaberri barrenean ateratako argazkia hautatu du otsaileko Zaharrak Berri atalerako.

Gauzak asko aldatu dira azken urte hauetan guztietan, eta zer esanik ez alderaketa XX. mendearen hasierarekin eginez gero. Azkoitia Gukak hilabete honetako Zaharrak Berri atalerako hautatu duen irudia 1915. urtekoa da, duela 110 urtekoa, alegia. Balda plazako atearen sarreratik Plazaberri aldera hartutakoa da argazkia, eta bertan ikus daiteke Azkoitiko herriak duela hamar hamarkada zer nolako bizimodua zuen.

Kalean bizitza sumatu daiteke, giroa; izan ere, batetik, haur ugari ikusten dira jolasean edo elkarri zirika, eta bestetik, abarketen zorua josten ere lanean ageri da herritar bat eskuinean. Idi pare bat eta haiek gobernatzen ari den itzain bat ere ikus daitezke argazkian, belarrez betetako gurdia garraiatu nahian. Herriko parrokiaren kupula ere gaur egungoa baino motzagoa zen XX. mendearen hasieran. Eraikinei-eta begiratuta antzerako irudia bada ere, desberdintasunak handiak dira orduko eta egungo Azkoitiaren artean.

Indalecio Ojanguren argazkilariak ateratako argazkia da honako hau, eta Gukak Gure Gipuzkoatik hartu du irudia.

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide