Abenduaren 1a da gaur, San Andres egunaren biharamuna. Azkoitiak festa egun handia ospatu zuen atzo herrian; baserritar jantziak, txapela, abarkak nahiz abarketak jantzi, eta goiz goizetik kalera atera ziren herritarrak sanandresen egun handia ospatzera. Txorizoa eta txistorra talo nahiz ogi artean bildu, inoiz ez bezala dantzatu eta barruak bero-bero egin zituzten herritarrek ilundu bitartean.
Nolanahi ere, duela hamarkada asko hasi ziren Azkoitian Andres deunaren eguna ospatzen. Egun hori ere betidanik izanda kalera atera eta ingurukoekin berriketaldi jostagarriak nahiz serioak izateko eguna. Juan San Martin argazkilariak 1960. urtean Azkoitian egindako argazkia hautatu du hilabete honetan Azkoitia Gukak. Hedabide honek ez daki azoka hori sanandresetakoa edo ez, baina bada herrian egindako azoka batekoa. Sanandresetan nola, irudian ere pozik ageri dira hiru gizon elkarrekin berriketan. Hori bai, argazkian bada buru kasko guztietan errepikatzen den janzki bat: txapela.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.