Ez naiz aditua matematiketan, ezta ekonomian ere, baina zenbakiak darabilzkit bira eta bira buruan. Zer zenbaki? Poltsikotik sartu eta irteten diren zenbakiak, zehazki.
Nire barne pentsamendua da adierazi nahi dudana, beraz, beharbada ez da errealitate osoa izango. Lan egiten dugunok gero eta zailagoa dugu hilaren amaierara iristea. Lan egiten dugu bizi ahal izateko. Amek edo aitek badakite zeinen gogorra den beren seme-alabak arrotza izan daitekeen norbaiti utzi eta lanera joan behar izatea, baita ama edo aita laguntza beharrean izan eta norberak lanera joan behar izatea ere.
Lanerakoan, egunero ikusi ohi ditut lanik egin nahi ez duten pertsona batzuk, eta orduan hasten dira nire zenbakiak dantzan. Nire moduko edozeinek lan eginez 1.000 euro jasotzen ditu, eta diru horrekin seme-alabak mantendu eta etxea, eskola, janaria, arropa, kiroldegia eta abar luzea ordainduta, nire poltsikoa hutsik gelditu ohi da. Baina lanera joan nahi ez duenak, laguntzak jasotzeaz gain, ez du etxea ordaindu beharrik, ezta bere umetxoen eskola ere (langileok maiz jaso ezin izaten ditugun bekak iristen zaizkielako). Hilaren amaieran nire poltsikoa baino beteago egon daiteke berea, noski.
Garbi dago erraza izan daitekeela hitz egitea eta zaila konponbidea, beraz bi aukera ditut: lanean jarraitu edo lanera doazenekin gurutzatu beren ibilbidean.