Nik deitu edo nahi gabe iritsi dira aurten ere Gabonak. Nire barruan sartzeko eta pentsatzeko hartzen dudan unea izango da.
Badirudi guztiok zoriontsu izan behar dugun garaia dela; guztiok irribarrea ezpainetan izan behar dugula, elkar agurtu eta elkarri "eguberri on" edo "urte berri on zoriontsua"... opa behar diogula eta barrua lasaitu behar dugula. Telebista piztutakoan konturatzen naiz bakarrik sentitzen den orok egun beltzak eta goibelak dituela aurretik.
Gabonetan etxera. Hori da jaso ohi dugun leloa. Baina urte osoan bakarrik dena are bakartiagoa sentituko da mezu horiekin. Atea itxita duten etxe asko daude, baita atea irekitzeko giltzarik ez duen pertsona asko ere. Ia etxe guztietan dago eserlekuren bat libre. Inor gehiago eseriko ez den lekua batzuetan, eta nahi gabe hemen ez dagoenaren eserlekua besteetan. Sukaldean ere falta ohi da hainbeste urtez opila prestatu digun amona txiki eta xarmagarria, edo bere magalean istorioak kontatzen zizkigun aitona.
Zergatik hainbeste zorion mezu hain egun goibeletan? Datorren urtean, posible balitz, nire atea joko ez bazenu nahiago. Hainbesteko kontsumismoa duten eta bihotz gutxiko Gabonik ez dut nahi. Urte osoan zabaldu nahi diot eskua bakardadean denari edo behar nauen horri.