Bizitza alai eta ondo doakigunean, hiru hilabete ez dira ezer. Konturatu gabe pasatzen dira. Sufritzen gaudenean, aldiz, hiru hilabete luze egiten dira, egun bakoitza jasanezina baita.
Hiru hilabete dira Errusiak Ukrainia indarrez hartu zuenetik. Hiru hilabete milaka pertsonek beren etxeak eta maite duten lurra atzean utzi zituztenetik, inoiz berriro itzuliko al diren edo bertan utzi dutena berreskuratuko al duten jakin gabe. Beste milaka beldurrez etxe azpialdean ezkutatuta daude, gehien maite dituzten seme-alabatxoak besoetan hartu eta maitasuna besterik ez dutenean emateko.
Zeharo hunkigarria da zenbat sufritzen ari diren pentsatze hutsa, gehienek duten erru bakarra Ukrainian jaiotzea izanik. Gizon gaizto baten maltzurkeriak hautsi ditu hainbat familia, haietako askok ez dute inoiz gehiago irribarre goxorik izango ezpainetan. Haurtxo txiki horien begirada tristeak estutzen dit bihotza.
Gizon baten maltzurkeriak moztu ditu hainbeste amets zituzten pertsonen hegalak. Haurtxoei ama edo aita kendu diete ondotik, amei haurrak kendu dizkiete besoetatik.
Hiru hilabete asko dira sufritzen daudenentzat. Nire bizitzako hiru hilabete eskainiko nizkioke bakardadean sufritzen dagoen orori.