Ilunabarra iristearekin bat, kaleko eserleku zuri batean jarri eta lasaitasun goxoan munduari begira hasi naiz. Zer ari gara gaizki egiten?
Nire uste apalean, bada zerbait gizakiok egoki egiten ari ez garena. Mundu aldrebes eta zelebre bat eraikitzen ari gara. Ezineramana, intolerantzia, askatasun eza, errespetu eza, biolentzia edota injustizia senti ditzakegu egunerokoan. Erraza da gure ondorengoei egoztea gauza denen errua, haien portaera juzgatzea. Ez ote da, ordea, helduok zerbait gaizki egin dugula edo egiten ari garela? Edota guk utzitako herentzia jasotzen ari direla?
Noski, ez zen egokia gure aiton-amonek zuten beldurra, gehiegizko zuzentasuna eta infernuaren izu beltz hura. Haietako askok gaztetasunik ez zuten izan etxean zituzten kargengatik eta beharrengatik. Baina zuritik beltzera edo beltzetik zurira egin dugu mauka. Ezezko gehiegi zen lehen etxeetan, eta beharbada, baiezko gehiegi egun. Balore eza antzeman dezakegu egungo gizartean. Ez da ezer izaten izateagatik, gehienetan zerbaiten ondorioz da hori. Uzta ona jaso nahi badugu, hazia ondo erein beharko genuke.
Bakoitzak bere zatitxoa hobetuko bagenu, mundu hobea izango genuke denontzat. Begiratu dezagun leihotik kanpora eta barrura.