Askotan, erantzunik gabeko galderez betetako gorputzak garela pentsatu ohi dut. Baina gaurko galdera hauen guztien erantzuna, ezaguna eta bakarra da, tamalez.
Honakoak dira etxean egin dizkidaten galderak: "Ama, gustuko dudan zerbait egiten dut, eta horretan jarraitu nahi dut ahal dudan bitartean gorengo mailan, baina zergatik ditut hainbeste oztopo gustuko dudan horretatik bizi ahal izateko? Antxintxike egitea da nire pasioa eta bizitza, sakrifizio eta bakarkako lan asko eskatu arren. Nire adinekoen gauzak ezin ditut bete askotan. Urteak daramatzat astean sei-zazpi egunetan entrenatzen: bakardadea dut lagun ilunabar hotzetako kilometroetan; herrian ezin dut entrenatu askotan, horretarako ez dudalako leku egokirik; maiz, txapelketatan parte hartzeko ordaindu beharra izan dut; edota kilometroak, egonaldiak... egitera behartuta nago. Ama, baina nik ezin dut inoiz pentsatu hortik bizitzerik edota ezer jasotzerik izango dudanik. Izerdia, sufrimendua eta nire buruarekiko poza bai noski, ingurukoen zoriona ere bai... Zergatik dago hainbesteko desberdintasuna kirol batzuetatik besteetara?".
Alabatxo maitea... Sentitzen duzun justizia ezaren erantzunak izan al daitezke aukeratu duzun kirola bera eta neska izatea?