"Iepa!". Hori zen orain artean elkarri partekatzen genion hitz bakarra. Urteetan egunero eskaileretan gurutzatu, eta hori zen gure agur eta hitz bakarra. Koronabirusak etxean egotera bultzatu gintuen egunetik aldatu zen gure artekoa.
Aldameneko balkoira atera zinen lehen aldiz, 20:00etan txalo egitera. Entzun zintudan, baina ez nintzen gehitu txaloetara. Bigarren egunean, ni ere atera nintzen, eta gure begiek topo egin zuten eguzki izpien artean.
Pixkanaka, balkoiko minutuak ordu bihurtu ziren eta gure begiradak, hitz. Inoiz inori esan gabekoak esan nizkizun txaloen ondoko isilune berezi haietan. Ulertua sentitu nintzen eta zure bihotz goxoaren taupadek lasaitzen ninduten.
Lehen egunetan nahiago nuen, bi balkoiak bananduago baleude, lotsa ematen baitzidan bakarrik sentitzen nintzela adierazteak. Bi bakardadeek, baina, bat egin zuten egun goibel haietan eta betiko lagun bagina bezala sentitu ginen. Ia egunsenti arte luzatu ziren gure egonaldiak hainbat egunetan. Orain, eskaileretan elkar ikusteko kezka dut, gure "iepa" hori zertan ote den.
Esker mila une zail horietan bidelagun izan zaitudan aldameneko horri. Itxialdiko onena zure konpainia izan da.