Hilari bukaera emateko, Xeyeko taldekideek bi zita garrantzitsu izan zituzten. Nahiz eta elkarrengandik oso urruti egon, animoak eta urduritasuna ez dira falta izan asteburu osoan zehar.
Alde batetik, ekainaren 27an, Xeyeko hiru taldekide Basaurin aritu ziren, zuten guztia emanez. Horietako bat, Jon Perez izan zen, 800 metroko proban hartu zuen parte beste behin ere; lasterketa polita burutu ondoren, 2:01:36ko kronoa lortu zuen. Jokin Lete ere gerturatu zen Basaurira, 1.500 metroko proban lehiatu zen, 4:36:58ko denbora eginez. Eta azkenik, pistan oraindik oso ohitua ez dagoen Amets Aranberrik, 3.000 metroko probari ekin zion, 9:41:73ko denborarekin amaitu zuen lasterketa.
Beste zita, Ciudad Realeko lurretan izan genuen, bertan Espainiako Jubenil Txapelketa ospatu baitzen. Jone Zabaletak bi probetan zuen gutxieneko denbora lortua, 800 eta 1500 metrotan, 1.500 metrotan aritzea erabaki zuen ordea, berak beti nahiago izan baitu, seguruago sentitzen delako proba luzeagoetan. 700 gaztetik gora elkartu ziren Ciudad Realen, horietatik 35 gipuzkoarrak.
Urte guztian egindako lana eta esfortzua, lasterketa bakar batean erakustea tokatzen zitzaion Joneri, nerbio eta ilusio guztiarekin saiatu zen larunbateko semifinalean, finalerako txartela eskuratzen eta baita lortu ere, lasterketa estu baten ostean, bere serieko bosgarren postua lortzearekin batera, igandeko finalean parte hartzeko aukera lortu zuen. Hori zen bere helburuetako bat, finalera iristea.
Igandean ospatu zen final handia, disfrutatzea eta sufritzea tokatzen zitzaion oraingoan, azkenean, 4:51:03ko denborarekin Espainiako 7. sailkatzea lortu zuen, oso gustura geratu zen bere postuarekin kontuan hartuta atletismoaz aparte gimnasia erritmikoan ere aritzen dela. Nahiz eta bero izugarria egin zuen Ciudad Realen, 40 gradutik gorakoa, hango eguraldia ez du aitzakia bezala jarri nahi, bere aurkarientzat ere tenperatura bera baitzegoen, nahiz eta Joneri Euskal Herriko lurretan ohituta egonda zaila egin zitzaion hango eguraldiraa ohitzea.
Beste behin, bere entrenatzaile eta taldekideei eskerrak eman nahi dizkie Jonek, beraien laguntza eta animoak ezinbestekoak direlako berarentzat.
Bikain lehiatu dira beste behin ere gure taldekide guztiak. Eutsi gogor, denboraldia amaitzear dago eta!