Ekainari hasiera emanez, hilaren lehenengo larunbatean, ekainaren 6an, Durangora gerturatu ziren Xeye taldekoak, egun garrantzitsua izan zen Euskadiko Jubenil eta Juniorren txapelketa ospatu baitzen bertan.
Gure taldekideen partaidetza ez zen falta izan, guztira lau taldekide izan genituen, hiru junior eta jubenil bat.
Larunbat goizean, 800 metroko proban lehiatu ziren taldeko bi neska, Jone Zabaleta eta Ainhoa Conde. Jonek 2:25:32an bete zuen bere lana, gogor aritu ondoren, Euskadiko bigarren postua lortu zuen; Ainhoak, 2:36:90ean burutu zuen lasterketa, bosgarren postuan iritsiz.
Arratsaldean, taldeko bi mutil izan genituen bertan, Jon Perez eta Martin Larrañaga. Jon Perez bikain aritu zen beste behin ere, oraingoan 1.500 metrotan; Euskadiko txapeldun izatea lortu zuen 4:07:76ko denborarekin. Martinek, aldiz, 5.000 metroko probari eutsi zion, 18:05:16ko kronoarekin bigarren postua eskuratuz.
Taldeko gazteek txukun bete zuten beraien larunbateko lana. Igandean, beteranoen txanda heldu zen, Euskadiko txapelketa izan zen hauena ere. Pedro Muñoz aritu zen 5.000 metroko proban, emaitza onak lortuz, 15:46:97ko marka eginez, podiumaren goikaldera igotzea lortu zuen.
Zorionik beroenak guztiei eta jarraitu lanean, harrigarria baita astero-astero erakusten duzuen maila eta motibazioa.