Pilotariek sekula ez dute hain ozen garrasi egin izan. Azken urtean askotan esan digute behintzat. Ez dut uste horrela denik. Harmailak hutsik izatearekin, artekarien oihurik gabe, hiru hormaren arteko hotsak biderkatu egiten dira, ozenagotu. Baliteke bakarren batek, lainezatuta, oihartzun hori baliatu nahi izatea, baina ez zait iruditzen oraingo pilotariek lehengoek baino azantz handiagoa egiten dutenik, ezta beste kiroletan dihardutenek baino handiagoa ere.
Datorren asteburutik aurrera pilotalekuetan berriz ere ikusleak izango ditugu –Iparraldeko eta Nafarroakoetan aurrez baimendua zuten, Baikok eta Aspek jenderik sartu ez arren–, eta pentsatze hutsak hotzikara eragiten dit. Orain 30 bat lagun egoten gara frontoian: telebistako eta enpresetako langileak, kazetariak, botileroak eta pilotarien gonbidatu bana. Batere ez da, baina halere azken sakearen aurreko txaloek berebiziko jantzia ematen diote pilota plazari. Seiehunekin zirraragarria izan behar du. Milaka aldiz bizi izan dugunari orain arte ez bezalako balioa emango diogu.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak kaleratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.