Batzuetan oharkabean irekitzen dira kutxa fisiko eta mentalak. Mutrikuko Astigarribia auzoan jaio zen gure amama Gregori, Antzuitza baserrian. Azken urteetan gaitzak lausotu zion oroimena, baina euskal izaera tinkoari eutsi zion azkenera arte; amama Elbira lau urte zituela lekualdatu zen familiarekin Nafarroako Berrotza bailarako Sorlada herrixkatik. Azpeitira lehenik, Azkoitira gero. Sei urterekin jendaurreko aurkezpen bat egin omen zuen Azpeitiko zezen-plazan, euskaraz; attitte Periko, zizurkildarra sortzez, Azpeitiko tren geltokiko lehen burua izan zen. 1938an, gerra minean, ele bitan inprimatutako txartelak atera zituzten: "Urola'ko burnibidea. Loyola'tik Zumaya(Kaya)'ra. Toki Nagusia. Pesetak 2,5. Irixtean, txartel au itzuli".
Larrutik ordaindu zuten; attitte Gillermo, azkenik, Azkoitiko Euzkitze arraza zen. Abertzale sutsua, euskalzale porrokatua, gizon jantzia eta konprometitua. Hil aurretxoan, 1975ean, gutun bat idatzi zion Donostiako gotzainari, irailaren 20an kanpaiak jotzen jarraitzen zutelako kexaka. Izan ere, 1936ko irailaren 20an sartu ziren nazionalen tropak Azkoitian. Gutunean aurrekari historikoak zerrendatu zizkion Gillermo Euzkitzek gotzain jaunari. Nazionalen garaipenaren osteko egoeraz, hau dio pasarte batean: "En la parroquia es desterrado el uso del vascuence. Rosarios, preces, novenas y pláticas se hacen en castellano. La mayoría de los asiduos feligreses apenas entienden una palabra. Pero un día venturoso aterriza en el pueblo el Santo Obispo de Santander, hijo de la villa, y al enterarse de lo que ocurre, llama al párroco y con autoridad le pide cesen esas anomalías incomprensibles. Nuestros padres se muestran satisfechos; ya pueden conversar con Dios en su lengua, la única que conocen".
Noticias de Gipuzkoa egunkariak kaleratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.