Dozenaka lagun eta ezagun geratu ziren lanik gabe –tartean ezin gertuagoko bi pertsona– Azpeitiko Corrugados (Martxieleneko fabrika) itxi zutenean. Hilabete batzuk lehenago lantegia barnetik ikusteko modurik ba ote legokeen galdetu nion Juan Joxeri. Sarrera aski mugatua egoten bazen ere, arduradun baten konplizitateari esker eman zidaten aukera, larunbat goiz batean. Ez ziren jarduera betean ari, ezta hurrik eman ere, baina ikusi, entzun eta sentitu nuena beldurgarria iruditu zitzaidan. Kontroletik egon nintzen begira, distantzia handi samarrera, beirazko babes baten atzetik. Halere, leherketa bakoitzak ateratzen zuen zarata eta beroa erraietaraino heltzen zen. Ez dut ezagutu erlijioaren bitartez saltzen ziguten infernu hartara hainbeste hurreratzen den beste leku eta egoerarik. Aspaldi itxi zuten, baina lantegi itsusi hark han segitzen du, herrigunetik biziki hurbil. Nik neuk –iritzi soil bat besterik ez da–, leku hartan, ezin dut irudikatu inguru haren errekuperazioa auskalo noiz arte baldintzatuko lukeen jarduerarik.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.