Bost zentzumenetako bat galdu behar bagenu, gehien-gehienok usaimenari egingo genioke uko. Hori da behintzat nire susmoa. Beharbada ez dugu behar beste estimatzen, eta gehien gustatzen zaizkigun lurrinen galera beharko genuke dagokion balioa emateko.
Nire kasuan izan litezke belar moztu berriarena, krasalarena edo parrilatik atera berria den txuletarena. Jan-usainek, dena den, oso bestelako eragina dute unearen arabera. Gose garenean, ez dago halakorik. Sabela erabat asea dugularik, aldiz, usain berberak botalarria ematen du. Bada usainek arazo larriak sortzen dizkion jendea. Sentsibilitate Kimiko Anizkoitza dutenak ezin izaten dira etxetik irten, eta han ere guztiz isolatuta bizi izatera kondenatuta egoten dira. Ez du hain ondorio larririk, baina hiperosmia ere ez da ederra izango. Usainekiko gehiegizko sentsibilitatea esan nahi du. Nik hiperosmia selektiboa dudala uste dut. Badakit batere sinesgarritasunik gabeko autodiagnostikoa dela, baina ni horretan nago. Hainbat usain ez ditut harrapatzen, eta beste batzuekiko sentsibilitate gorena dut. Izerdi-kiratsak, esate baterako, berehala aktibatzen nau. Ez naiz izerdi atera berriarenaz ari, hura ez da kiratsa, izerdi zaharrarenaz baizik. Hori ezin dut jasan.