Agi danez, kode ekonomikoetan egin behar da Katalunian gertatzen ari denaren irakurketa eta analisia. Estatuak eman dien tratu ustez bidegabea da kataluniarrek independentziaren bideari halako erabakitasunez ekiteko duten zio nagusia eta, halaber, ekonomikoki itotzea Raxoiren gobernuak duen baliabiderik eraginkorrena. Dena sosetan zentratu behar horretan, funtsezko alderdi bat bazter geratzen ari da: sentimendu eta identitateena.
Munduan zehar gehiago bidaiatu ez izanaren pena dut, baina makina bat bazter kurritu dut halere. Sekula inon ez diot inori esan espainiarra naizenik. “Hesteak bihur bekizkit harri / hori ez bada horrela” esan zuen Amuritzak. Indar berberaz dagit zin hori egia dela. Basque Country zer den eta non dagoen azaltzen hutsetik hasi beharrak batzuetan nagi handi samarra eragin arren, nire nortasunari, sentipenei eta jatorriari hainbeste zor diedala iruditu izan zait beti. Era berean, inork ez du inoiz nire ahotik entzun Espainiari buruz gorrotoz esandako hitzik. “Esan dudana gezurra bada / urka nazazue bertan”, hau ere Amuritzari ostua. Milioika gara Espainiako Nortasun Agiria izan eta espainiar sentitzen ez garenak, bandera gorri-horiak ordezkatzen ez gaituenak. Gorroto izpirik gabeko sentipen hori ez dago unean uneko agintari, legedi edo egoera politiko-ekonomikoaren baitan. Mende luzez iraun du eta ez da desagertuko. Horri bide ematen ez dion erantzuna beti izango da motza eta herrena.