Bidean

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2017ko api. 10a, 09:22

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Batzuek bizitza erdia baino gehiago daramate lekua aurkitu nahirik. Artaldeak larre maldatsuetara eraman izan ditu. Bazen bazka, nahi beste, baina sekula ez zuten txoko erosorik aurkitu.

Artzainaren izenik ez zuten sekula aipatu ere egiten, baina bazekiten noren aginduei egin behar zieten men, artaldetik ohildu ez zitzan. Egiari zor, sekula ez dute sentitu maite izan dituenik. Are hotzago eta oldarkorrago hartzen zituen beste artzainen batek makila mehatxurako eta bortxarako erabiltzen zuela salatzean edo, hark kolpatuekiko elkartasunez, auzo-larreetaraino ihes egin eta ahal bezain ozen balaka egiten zutenean. Gero eurenera itzuli behar berriz, belarriak makur.

Ideologiakideak baino, herri-ikuskera bertsukoak baino, haietako batzuen indarkeriak kolpaturikoak gertuago sentitu izan dituzte batzuek. Distantziakidetasunaren makurrak kutsatzeko arriskuaz ohartarazten zuten elkar, baina azkenean berariaz bilatu beharrekotzat jo dute. Bortxa eta bidegabekeria orotatik distantzia berera egoten ahalegindu dira. Antipodetan. Ez da beti erraza izan. Egotea bai agian, aritzea ez. Inkomunikazioa baitzekarren, baita izua ere. Halere, salatu beharreko iruditu izan zaiena salatu dute, eta babestu beharrekoak babesten saiatu. Baina beti begitanzio bera izan dute: denean lekuz kanpo nago.

Noticias de Gipuzkoan argitaratutako iritzia. Jarraitu irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide