Laranja koloreko autobus eta autokarabanan dabiltza herririk herri, gure uste okerrak zuzendu nahirik. Darwinen irudimen lizunak besterik pentsaraz lezakeen arren, gizakia Jainkoak egun batetik bestera burututako asmakizuna da.
Adan egin zuen lehenik, zakil eta guzti. Honen bakardade zorigaiztokoa arintzeko, Eba egitea deliberatu zuen, eta alua jarri. Bekatu originala ez da izango, beraz, Adan eta Ebarena, horretarako tresnas esku-eskuan, edo hankartean, jarri zizkienarena baizik. Edonola ere, nahiz eta gizakia geroztik zeharo endekatu, hasieratik argi geratu ziren gauzak: gizonek txilibitua dute, emakumeek motxina. Talde ultrakatoliko bat da bide zuzenera itzul gaitezen saiatzen ari dena -ultra denak izaki txarrak, baita ultrajatorrak ere-, eta denen buru, euskal deitura duen gizon itxuroso bat, Artsuaga, inor baino arrago, ez beza inork dudan jar.
Kanpaina honetan transexualitatea jarri dute jomugan, baina sexu-harreman mota bakarra geratzen da bekatutik at haien juzku zorrotzaren arabera: senar-emazteen artekoa. Kondoirik gabe, jakina, bestela hori ere bekatu. Sexu berekoen artekoak bereziki kondenatu beharrekoak dira. Penitentzien aringarri da bekatariak sotanadunak izatea.