-Enauzu ezagutzen, Xabier. Ane naiz. Lehengo igandeko zutabeak lur jota utzi ninduen eta idatzi beharra sentitu dut. Egia esan, haurtzarotik nago lur jota. Uste dut nire lekukotasunak mesede egin diezaiekeela gaur egungo biktimei. Horregatik idatzi dizut, nire kasua zabal dezazun.
- Zertaz ari zara zehazki, Ane?
- Sei urterekin eskolan bullyinga jasan nuen. Oso lotsatia nintzen, eta eskolako zenbait kideren iseka eta gutxiespenek are gehiago bildu ninduten neure baitan. Iraindu egiten ninduten, liburuak puskatu... Gaixo plantak egiten nituen eskolara ez joatearren, baina gurasoei ez nien ezer esaten, andereñoak ere ez baininduen babesten. Alderantziz, hark ere tuntuntzat hartzen ninduen. Urte askoko gurutze-bidea izan zen. 16 urterekin beste eskola eta herri batean matrikulatzea ere alferrik, haraino ere iristen ziren jazarleen adarrak. Eta infernu horren ondorioak geroztik izan ditudan harreman denetan pairatu ditut.
- Baita bikote harremanetan ere?
- Badakit kanpotik ulertzea ez dela erraza, baina jazarpena jasaten ohitu garenak profil bereko gizonen besoetan erortzen gara berriz ere.
- Tratu txarrak jasan dituzu, beraz...
- Ezkondu egin nintzen, guztiz maiteminduta. Baina senarrak zeharo gutxiesten ninduen. Neu eta nire ingurua. Sekulakoak esaten zizkidan: “Nik nahi dudana egiten ez baduzu, ezer gabe geratuko zara. Uzten banauzu, neure buruaz beste egingo dut eta bizi osoan damutuko zaizu. Gurasoek ez zaituzte maite...”
- Jo ere egin al zaitu?
- Jo ez, baina tratu txar fisikoak bai. Goizaldean mozkortuta etortzen zenean morkor-hatsa aurpegira botatzen zidan, bai baitzekien botagalea ematen zidala. Eta goizean felazioak egitera behartzen ninduen. Mundu honetatik ihes egitea ere pentsatu nuen, baina ez nuen behar besteko ausardiarik izan.