Udako oporraldiak gainerako gaiak ahaztarazten dizkigunez, ia ez dugu aurre-kanpainarik izan EAEko hauteskundeetarako, eta halere etengabeko kanpainan sartuta gaudelako irudipena dugu. Zorionez, Espainiako politikariek erakusten duten inkonpetentzia eta zikoizkeriarik ez dugu sumatu hemengoengan.
Kanpaina biguna izan dela esango nuke, zentzu onean. PP erraietaraino ustelduta dagoenez, ez dago inoren aurrean oso oldarkor agertzeko moduan. PSE-EE izan da konfrontaziorako erreparorik eta lotsarik gutxien erakutsi duena. Erretakoak biltzen saiatzea da ilusio izpirik pizteko gai ez denaren azken baliabidea. Horrela bakarrik uler daiteke euskarak erakundeetan duen lekuaz ateratako bideo lotsagarria.
Pili Zabalaren fitxaketak kezka handia eragin zuen EH Bildun. Zarautzen bolo-bolo ibili da euren alkategai izateko eskaintzari uko egin ziola, eta Podemosena onartzea, kezkagarri ez ezik, mingarri ere izango zen hainbatentzat. Kanpainak kezka asko arindu izango die. Izan ere -lan horietan zaildu gabe dagoelako izan liteke baina-, ahul eta baliabide gutxiko agertu da. EH Bilduren kanpaina, ostera, inoiz ikusi dugunik xuabeena izan da, mezuei zein haiek zabaltzeko erabilitako doinuari dagokienez.