Zer gara gu?

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze 2016ko eka. 20a, 08:48

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Inaugurazioak, desfileak, ospakizunak...horiek dira Espainiako eta beste edonongo errege-erreginen eguneroko lana. Lehendik antolatuta dauden ekitaldietara joan, tokian tokiko agintariei banan banan eskua eman, irribarre zabal edo murritzagoa eskaini, ikusleak eskuaz agurtu eta ospa.

Espainiakoek azken lan hori egin beharrik ere ez dute izaten Euskal Herrira etortzen direnean. Izan ere, gehiago izaten dira aurkako oihuak -edo zarata-tsuagoak- aldekoak baino. Halere, zenbait bisita egiten dizkigute urtearen buruan. Ezer onik eskaintzen al diete Felipe eta Letiziari horrelako egoerek? Bost axola zait. Ezer onik eskaintzen al dio haien bisitak erakusketa baten inaugurazioari? Ezezkoan nago. Arbuioan bat eginik ere, ez du batere funtsik testuinguruan kokatu ezean. Donostiak, Europako Kultura Hiriburu hautatua izan zedin, espainiar estatuko hiriekin lehiatu behar izan zuen, aurten estatu horri baitzegokion hiriburutza bat. Bestetik, kultura ministeritza D2016ko patronatuko kide da, diru asko jarri du, eta errege-erreginen bisita ordaindu beharreko bide-saria zen. Desatsegina, noski, testuinguruaren edo legeriaren araberako bide-sari denak izaten diren moduan. Donostiako balkoian, edo Hernani eta Errezilgoetan, Espainiako bandera jartzea egokitu zitzaien alkateena bezain gogoz kontrakoa. Bitxia da ostiraleko bisitan protestan aritu zirenak piper potoaren bortxazko ezarpenaren aurrean mutu geratu izana.

Jarraitu iritzia irakurtzen

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide