Ez da erraza "Alah da handiena" oihu eginez Parisen sarraski odoltsua eragin duten terroristen buruan sartzea. Haien azken asteak irudikatzen saia gaitezke, halere. Parisko planoak mahai gainean dituztela, ostiral gauetan jenderik gehien biltzen duten jatetxeak gurutze batekin markatzen imajina ditzakegu sasi-martiriak, inguruko diskoteketan iragartzen dituzten musika emanaldien informazioa lortzen.
Egun batzuen buruan mahai beraren bueltan imajina ditzakegu, hautaketa egin eta gero, urruneko auskalo zein herrialdetan dagoen nagusiren bati deika, xehetasun guztiak jakinarazi eta haren oniritziaren menturan. Begiak itxi eta gizonezko bat ikus dezakegu, beti gizonezkoa, bizarduna derrigor, "aurrera!" esaten, eta Parisko agindupeko gizonak, haiek ere gizonak, elkarri begira, harro.
Irudika ditzakegu iragan ostiral arratsean, leherkariak estadioaren inguruan kokatu eta, armak txilabaren azpian ezkutaturik, gurutzez markaturiko diskotekara eta jatetxeetara bidean. "Alah da handiena" oihu egin, armak txilabapetik atera eta tiro, edonori tiro, adinari, sexuari, koloreari, itxurari, ezeri erreparatu gabe. Odola, garrasiak, tiro gehiago, gorpuak, poliziaren sirena hotsa, leherketa bat eta, euren bizi-tzan entzun duten azken soinua, beraiek akabatu dituen tiroa. Alah da handiena, eta haren ondora doazelakoan daude, jainko bakarraren aldarean ohorezko leku bat izango dutela sinetsirik.
Jarraitu Xabier Euzkitzeren iritzia irakurtzen Noticias de Gipuzkoan.