Alderdi politiko bati jar dakiokeen deiturarik arriskutsuena “batasun” edo “elkartasun” da. Gauza bat da joera politiko eta sozial baten adierazpide bateratu izateko borondatea eta beste bat, oso bestelakoa, horri luzaroan eutsi ahal izatea.
Alderdiak urte gutxiren buruan bi, hiru edo lau zati egiten direlarik, askotan irrigarri gertatzen da izendapena. “Herri” da oso kontu gutxirekin erabiltzen den beste hitz bat. Herritarrekin eta herritarrentzat politika egiteak behar luke alderdi baten jomuga, baina herriaren ordezkari eta bozeramaile bakar bihurtzeko irrika egon ohi da maiz horren gibelean.
Unión del Pueblo Navarro, UPN, nafartasunaren adierazpen gorena. Nafar izateko modu murritz eta murriztaile batena funtsean. Lingua Navarrorum lurrazaletik desagerrarazteko politika aktiboak aurrera eraman dituen alderdiak Foru Erkidegoa babesten duen alderdi bakar-tzat du bere burua. Beste edonoren eskuetan arriskuan legoke Navarra. Isabelek eta Fernandok, Fernandok eta Isabelek -zein baino zein beltzago ziren bi belek- menderatu eta odolusturiko erreinuaren puska zikiratua jatorriz bereak zituen lurraldeekiko isolatzeko ahalegin etengabea besterik ez da egiatan, eta horretarako, bele bien oinordeko direnekin hitzarmena sinatzeko lotsa zipitzik ere ez dute erakutsi.
Jarraitu Xabier Euzkitzeren iritzia irakurtzen Noticias de Gipuzkoan.