Bertsolaritzak, eta oro har euskal kulturak, lau urtez behin bizi duen egunik biribilena izan zen abendukoa. Aiton, amona, gazte zein heldu, zipitzik ulertzen ez dutenak eta bertso-adituak, guztiak eskutik ebatu eta euskal kulturaren ekitaldi historikoa ikusteko batu ziren. Guztiak bertsolari baten izena entzun eta hankekin lurrari ostikoak emateko prest. Bertsoren baten bukaerak ileak tente jartzen bazizkizun eserlekutik jaiki eta jotako txaloez mundua isilarazteko prest. Ikaragarria, eta azaltzeko oso zaila.
Eta han nengoen, aditua izan gabe, bertsoaldi guztietan belarriak zut, ea noizbait ileak ere hala jartzen zitzaizkidan. Beti pentsatu izan dut halako maila erakusten duten bertsolariak ez direla gainerako gizakiak bezalakoak. Ahalmen berezia dutela, eta gaitasun horiek ez daudela edonoren esku. Lortu zuten, behin baino gehiagotan gainera, oilo-ipurdia jarri eta begiak umeltzea. Lortu zuten, azken finean, entzulearen barrura sartzea.
Eta han jarraitzen nuen oraindik, txundituta. Hala ere, burutik kendu ezin nuen irudi bat nuen bueltaka uneoro; trikitia bizkarrean hartu eta BECeko oholtza gainera nindoala. Aulki guztien artetik, panderojolea lagun hartuta, bertsolariei egin zitzaizkien txaloaldi itzel haiek gabe, baina oholtza gainera igo eta bi pieza jotzen nituela.
Txapelketena izan baita trikitilarion arteko ezinegon gehienak sortu dituen gaia. Urte asko pasa dira infernuko hauspoa txapelketa, erromeri edo jaialdietan astintzen hasi nintzenetik. Urte asko gai berdinari buruz hizketan, eta inoiz adostasun batera iritsi gabe. Urte pila bat oholtza baten gainean lau pieza jotzeko besterik balio ez duen trikitilari bat naizela sinetsiz.
Hala da. Trikitilari direnek edota behintzat inguru honetan mugitzen diren askok, ez dituzte txapelketak gustuko. Trikiti txapelketez ari naiz. Nahiago dute erromeri edota lagun arteko giroa, norgehiagoka alde batera utzi eta ongi pasatzeko musika-instrumentu bat bezala ulertzea. Guztiz ados, neu naizelako lehena bazkaloste batean, parranda giroan edota lagunartean trikitia atera eta ongi pasatzea gustuko duena.
Txapelketek, ordea, beti harrotu ohi dituzte hautsak. Trikitiaren munduan, nire sentsazioen arabera, kontrako gehiago aldekoak baino. Beldur eta ikusi-ezin gehiegi sumatzen dut. Trikitilariok badugu zer ikasia bertsolariengandik. Galtzeko beldurrik ez dute. Eta beti euskara eta euskal kulturaren alde. Haiek jakin dute entzuleria bereganatzen. Txapelketei balioa ematen, eta txapelketak ongi kudeatzen.
Gaur egun konparagarriak ez direla jakin arren, nik amesten jarraituko dut. Amesten Euskal Herriko Trikitixa Txapelketa nagusi batekin. Euskal Herriko trikitilari onenen arteko piezen ekitaldi batekin. Lehia izateari ez dio inoiz utziko, baina uler dezagun euskal kultura eta ondarea indartzeko beste modu bat. Maialenek finalean esan zuen eran, gure buruaren kontra ari baikara, baina gure munduaren alde.
Egunen batean egiten bada, han izango naiz. Jotzen ari naizen bitartean nik neuk oilo-ipurdia hanketatik leporaino sentitzeko. Eta ahal bada, zuei ere beso gaineko ileak tente jartzeko. Eta egiten ez bada, lau urte itxaron beharko dut, ea BECen puntuak batzen dituzten bitartean trikitilariren bat behar duten.