Aldaketaldia ekimenarekin bat egin du Urola Bizirik Natur Taldeak

Urtarrilaren 30ean egingo dute Aldaketaldia, eta ekimenari lotutako ekintzak antolatuko ditu Urola Bizirik taldeak Azkoitian eta Azpeitian.

Atzo, osteguna, Larreko Mahaiak urtarrilaren 30eko Aldaketaldiaren prentsaurrekoa egin zuen Donostian. Aldaketaldia ekimena Gipuzkoan eta Bizkaian eramango dute aurrera bereziki. Larreko Mahaiaren plataformara beste hainbeste eragile sozial eta naturzale bildu gara ekimena bultzatzeko.

Aldaketaldiaren helburua da ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lantoki guztietan klima, bioaniztasun eta, oro har, ingurumen-larrialdia salatzeko ekintzak antolatzea, beti ere ikuspegi lokaletik.

Agintari politikoek, orain pandemiaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta larrialdi-egoera areagotzen jarraitzen duten honetan, beharrezkoa da norabide aldaketa sakona exijitzea eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatzea eta saretzea.

Argi dugu bizitzaren aldeko norabide aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu. Hori dela eta, urtarrilaren 30ean, edota aurreko zein ondorengo egunetan, larrialdi ekologikoari lotutako salaketa eta aldarrikapen ekintzak egitea proposatu dugu: hitzaldiak, elkarretaratzeak, bizikleta-martxak, kostaldean edo ibaietan plastiko-bilketak, zuhaitzak landatzea, proiektu erraldoiren batek mehatxatutako natur guneetan ibilaldiak...

'Globalean pentsatu eta lokalean ekin' leloak adierazi bezala, ezinbestekoa iruditzen zaigu krisi globala hemen bistaratzea, planetari gertatzen ari zaiona gurean hasten dela argi adieraztea; gure garraio, hondakin, bioaniztasun, lurralde antolaketa edota ibaien saneamendu politiketan. Beraz, lokala eta globala uztartzeko ekimena izatea nahi dugu, bide batez norberak bere taldearekin ez ezik beste batzuekin elkarlanean, ingurumen larrialdi honi eraginkortasun handiagoz aurre egiteko abiapuntu.

Gipuzkoako hogei herri baino gehiagok egingo dute bat ekimenarekin. Urtarrilaren 30ean, gainera, Donostian manifestazio bateratua egingo dute, 17:00etan Gladys Enetik abituta eta Bulebarrean bukatuta. Urola Bizirik Natur Taldea ekintzak antolatzen ari da Azkoitian eta Azpeitian. Aurrerago, data hurbiltzen denean, zehaztuko ditugu ekintza horiek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide