Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira, Sosteniperen izenean tratu txarrak jasan dituzten lau emakumeren testigantzak egin ditugu publiko.
Lehenik, esan hitzik gabe utzi gaituela emakume horien ausardiak, egoerak gainditzeko atera duten indarrak eta beraien errestentziarako gaitasunak. Ezin da deskribatu pertsona horiek bizi izan dituzten tratu txarrak: fisikoak, psikikoak, sozialak eta instituziona, baina horien aurrean salatzeko atera duten indarra ere. Gurekin kontaktuan jartzeko egin duten esfortzua eta gertatu zaiena publiko egitek sor diezaiken ondorioei aurre egiteko adorea izan dute.
Oraindik babes gabe sentitzen diren emakumeak dira. Ez da erraza irudikatzea zenbat sufrimendu eta amorru pairatu behar duen pertsona batek, eta oraindik kalean lasai dabilen bere erasotzaileari baino, beldur gehiago diote isiltasun sozialari eta instituzionalari.
Emakume horien salaketa ez da norbanako batengandik jasan dituzten tratu txarretan amaitzen; alderantziz, hor hasi egiten da. Izan ere, tratu txarrak pairatu ondoren salaketa jartzeko prozesua ez da iragarkietan ikusten den bezain arina eta erraza izan.
Hasteko eta behin, profesional asko ez daude gai hauetan formatuak. Arrazoi horregatik egiten dituzte maiz galdera desegokiak, esaterako: "Baina hori bortxaketa bat al da? Zuk zer musika entzuten duzu? Zer froga dituzu, mezuak? Soilik mezuak? Nola dakit nik egia esaten duzula? Zure egoera psikologikoa ona al da? Zer girotan mugitzen zara?". Galdera horiek jasotako testigantzetatik ateratakoak dira, eta adibide gehiago ere eman ahalko genituzke.
Deklarazioa hartzeko modua egokia ez izateaz gain, biktimaren egoera kontuan hartu gabe jokatu ohi da. Kasu batzuetan, biktimak erasotzailearengandik alde egin eta berehala deklaratu behar izan du, horrek eragiten duen guztiarekin: hasierako shock egoeran, lasaigarriak hartuta, deklaratu nahi duena pentsatzeko denborarik izan gabe, kontatu nahi duena gogoratzeko gaitasuna galduta, etab. Erasotuek behar dituzten denborak ez dira errespetatzen, eta kasu gehienetan, tratu hori desatsegina eta oso hotza izan da.
Batzuetan, deklarazioa hartzen den bitartean, “tratu txarren larritasuna neurtzeko test” bat pasatu zaie biktimei, horiek galderak egoki erantzuteko gaitasunik ere ez duten unean. Froga horren erantzunaren arabera, egoera arina, larria edo oso larria den erabakitzen da. Guk jasotako kasu batzuetan egoera “arin” bezala baloratu da, nahiz eta emakume horien bizitzak arriskuan egon. Balorazio hori erabakigarria izan da epaiketarako.
Hori gutxi balitz, biktima bera da gertatu zaionaren froga bakarra, eta salaketa prozesuan bere hitza denbora guztian zalantzan jarri da; biktima bigarren aldiz da erasotua. Salaketa prozesu guztian, errudun sentsazioari aurre egiteko indarra atera behar du biktimak, behin eta berriz gauza bera kontatuz eta frogak ahalik eta ongien aurkeztuz. Ahaztu gabe, prozesu horiek denboran asko luzatzen direla eta babesgabetasun sentsazioa etengabea dela.
Prozesua ez da erraza, baina salaketa ez jartzea erabakitzeak ere bere ondorioak ditu maila sozialean. Jendarteak, kasu batzuetan, egia dela frogatzen duen epaia behar du gertatutakoari zilegitasuna emateko. Zergatik behar dugu epaiketa bat pertsona baten hitza sinesteko?
Bide errazik eta aukera perfekturik ez egon arren, bidea errazteko neurriak hartu daitezke. ertsonak salatzera animatu nahi baditugu salaketa prozesu hori errazagoa, atseginagoa eta justuagoa izatea eskatu behar diegu instituzioei. Neurriak hartu behar dira egoera hau aldatzeko, bestela hipokresia hutsa da biktimari salatzeko eskatzea.
Hori horrela izanda ere, badira salatzeko adorea duten emakumeak eta ate bat irekitzen ez zaienean beste atearen bila joaten direnak. Emakumeek ahalik eta ate eta aukera gehien zabalik izan ditzaten nahi dugu guk, eta horretarako, ahal dugun neurrian gomendio batzuk eskainiko ditugu:
1. Udaleko Gizarte Zerbitzuetara joan, eta momentu horretan salaketa jartzeko adorerik ez baduzu, lasai. Bertan dagoen profesionalak entzungo zaitu, eta ahal duen neurrian, zure beharrei erantzungo die.
2. Ertzaintzara joatea erabaki baduzu eta bakarrik joateko indarrik ez izanez gero, eskatu babesa inguruko norbaiti edo jo gugana, lagunduko dizugu. Gai hauetan espezializatuta dagoen pertsona batekin elkartzea eskatu ertzain etxean, eta ez badago, hitzordu bat hartzea aholkatzen dizugu.
3. Zure inguruko norbaitek tratu txarrak jasaten dituen susmoa baduzu, saiatu laguntza eskaintzen.
4. Norbanako bezala ardura komunitarioa har dezakezu: emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako ekintza publikoetara agertu, zure inguruarekin gai hauek eztabaidatu eta lagun artean, familian, lanean izaten diren mikromatxismoak errotik moztu.
Azkenik, kasu guztietan guregana lasai gerturatu zaitezkete –nahiz eta guk ez izan behar adina baliabide– gure babesa izango duzu. Gure partetik, Azkoitian berdintasun teknikariaren figura erreklamatzen jarraituko dugu, gai hauetarako baliabide gehiago izan ditzagun herrian.
Egoera hau aldatzea denon ardura da.