K-baret antzerki musikala Buero Sarien banaketan

Joan den larunbatean izan zen Buero Sarien sari banaketa ekitaldia Gasteizko Beñat Etxepare antzokian, eta K-bareteko artistak bertan izan ziren. Sari nagusiaz gain, lau aipamen berezi jaso dituzte.

Azkoitiko taldeak maiatzaren 10ean jakin zuen antzerki lehiaketan Euskadiko antzerki obra onena eskolaz kanpoko mailan izendatuko zutela. Sari nagusiaz gain, aipamen bereziak ere egon ohi dira eta 4 jasoko zituztela jakinarazi zieten:

  • Koreografia onena.
  • Eszenaratze onena.
  • Zuzendaritza onena: Kari Alberdi eta Xabier Barquero.
  • Interpretazio onena: Aitor Ayerdi.

Egun batzuetara estatu mailako antolakuntzaren dei bat jaso zuten, azkenean sariak ezin zizkietela eman taldeko protagonista batzuk 21 urte baino gehiago zituztela esanez. Albiste oso txarra izan zen taldearentzat, dagoeneko komunikabide eta abarretan zabaldu baitzuten berria. Autonomi mailako antolakuntzak barkamenak eskatu zizkieten Azkoitiko taldekoei, web orrian arazo bat izan dutelako ezin izan zelako adinen informazioa ikusi eta garaiz irtenbidea eman. Estatu eta autonomiko kideekin behin baino gehiagotan hitz egin eta arazoa konpontzeko proposamenak egin ostean Cocacola Fundazioak sariak ez ematea erabaki zuen. Antolakuntza autonomikoak, barkamena eskatzeko asmoz, sarien banaketa K-bareteko kideen esku uztea proposatu zuten. Asko eztabaidatu ostean, taldearen izena zabaltzeko aukera ona zela argudiatuz gonbidapena onartu zuten.

Aurtengoa 16. edizioa izan da eta iparraldeko autonomien sari banaketa etxetik gertu izan da, Gasteizko Beñat Etxepare antzokian hain zuzen. Aurkezpenaz gain dantza eta abesti ederrekin ekitaldia atondu zuten. Iparraldean antzerki munduan lan handia egiten duten gainerako gazte taldeak ezagutzeko aukera paregabea izan zen, zuzendarien hitzetan eta errepikatzeko modukoa.

Taldearen helburuarekin bat dator lehiaketarena, antzerkia eta antzerki zaletasuna bultzatzea. Antzerki taldeko partaideak Azkoitian eta inguruan kultur mugimendu oparoa eta bizia sortzea nahi dute eta Azkoitian bide luzea dugula aurretik adierazi dute. Helburua betetzea da asmoa eta sortzen den edozein mugimendu laguntzeko prest daude antzerki taldekoak.

2020an hasiko dira K-baret obrarekin herri ezberdinak bisitatzen eta orain emanaldiak finkatzen dihardute. Ordura arte ez dira geldik egongo, entseguekin jarraitzeaz gain formakuntzaren aldeko apustua egingo dute. Herritarrei zuzendutako ekintzak ere prestatzea pentsatzen ari dira, uda ostean ekingo diote gogor berriro lanei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide