'K-Baret' antzerki musikala igandean, Azpeitian

Azkoitian bi emanaldi leporaino bete ostean hirugarren emanaldia izango da igande honetan, maiatzak 5, 17:00tan.

'Rise and Shine' eta 'Shine Again' obren ostean, hirugarren obra da 'K-baret'. Azkoitiko emanaldietarako sarrerak hamar egunetan agortu ziren eta jende ugari gelditu zen sarrerarik gabe. Asteburu honetan izango dute aukera 23 gaztetxo oholtza gainean dantzan, abesten eta antzerkian ikusteko. Argiz, sentsualitatez eta kolore biziz betetako bi ordu inguruko emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute Azpeitiko Soreasu antzokira igande honetan bertaratzen diren ikusleek. Bi urteko prestaketen ostean ahalik eta emanaldi gehien eskaintzeko asmoa dute taldeko kideek, baina momentuz ez dute adostu beste emanaldirik.

Sarrerak Sanagustin Kulturgunean eta online bidez eskuratu daitezke. Aurrez sei eurotan eta egunean bertan leihatilan zortzi eurotan.

Sinopsia: Urteak itxita daramatza Dumontarren kabaret zaharrak baina Rose eta Juliettek ateak berriro irekiko dituzte. Lokal honetan hainbat artista arituko dira bezeroen egonaldia arintzen. Baina artista hauen egonaldia ez da batere arina izango. Teilatu desberdinen azpian jaioak eta berdinaren azpian elkartuta, euren biziak, ametsak eta ametsgaiztoak elkarbanatuko dituzte. Argiak eta itzalak. Agurrak eta ongietorriak. Enkajea, lentejuelak eta ezpain gorriak. Bertan emango diren tirabiren testigu izango da ikuslea, Cedric Flamcourtek gidatuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide