Herriko festetan aldarrikapena kalera aterako duzue.
Sentsibilitate ezberdinak batzeko bokazioa da gurea, aurrean dugun agertokia edozein dela ere. Hala ere, Andramaixek agertoki garrantzitsua dira guretzat, jende dezente ibili ohi da kalean, eta beraz, plaza ezin hobea da gure aldarria gizarteratzeko. Andramari bezperan irtengo da Giza Sarea, arratsaldeko 19:00etan, eliz ataritik, jai giroan.
Sare Azkoitiak iritzi eta sentsibilitate ezberdineko jendea batzea lortu du. Herritarrengandik babes zabala jaso duzue.
Abiapuntutik argi izan dugu euskal presoen auziak, eta zehatzago ‘Giza Eskubideak, Konponbidea, Bakea’ leloak Azkoitian gehiengo zabala duela atzetik. Horren jakitun, gure lana gehiengo hori artikulatzea eta horretarako guztiok eroso sentitu ahal garen ekimen berritzaileak eskaintzea da. Zentzu horretan, Sare babes zabalarekin jaio zen; horren adibide, Elkargunean atera genuen argazki zabala. Besteak beste, Xabier Euzkitze, Rosario Lasa, Jokin Errasti, Ramon Unanue, Anari, Pello Bastarrika, Ventura Garnateo, Felix erretorea, medikuak, irakasleak, gazteak … batzea lortu genuen. Aipatu nahi dugu, baita ere, zendu berri den Juan Inazio Uriak ere, egun horretan parte hartu nahi zuela; bera urtarrilean zelakoan zen eta gaizki ulertu hori medio, pena handia hartu zuen egina zela jakitean. Ondoren, Gabon Zahar egunean ehunka norbanakok borobildu genuen sarea. Harrezkero, hilero Giza Sarean lekukoa hartzen dutenez gain, jatorri ezberdineko herritar ugari doa parte hartzen. Gauzak horrela, oso baikor gara eta ilusioz aurrera begira, herritar gehiago batuko direla konbentzituta.
Jasotako babesa heltzen al zaie Trakiri eta herriko iheslariei?
Trakik egiten dugun guztiaren berri zuzena izan dezan saiatzen gara. Iheslariena zailagoa den arren, jakitun gara, adibidez, Kintelak baduela gure berri. Dena den, gogoratu nahi dugu oso garrantzitsua dela presoentzat herriko edozein konturen berri izatea, eta beraz, tarteka, eskutitz bat idaztea guztion zeregina dela uste dugu.
Zeintzuk dira Sare Azkoitiaren lehentasunak?
Guk sarea zabaltzen jarraituko dugu, eta horretarako, hileroko Giza Sarean norbanako ezberdinei lekukoa hartzeko gonbidapena luzatzen jarraituko dugu. Une politiko honetan presoen auzia desblokeatzeak duen garrantziaz jendarteak kontzientzia hartzea nahi dugu, eta denok geure aletxoa ipiniz gauzak mugiaraztea lortu nahi dugu.
Zein dira aurrera begirako lan-ildoak?
Sakabanaketa amaitzea, preso gaixoak etxeratzea… eta konponbidean urratsak erdiesten joatea, preso eta iheslaririk gabeko bake agertoki baterantz.
Euskal preso politikoen eta haien senideen egoera hobetzea badirudi ez dagoela agenda politikoetan.
Hala da. Sarritan, Euskal Herrian kalkulu politikoek ez digute basoa ikusten uzten, zuhaitza baino ez dugu ikusten. Batzen gaituzten arloek bilgune izan behar dute, eta horretarako ausartak izan behar dugu, aurreiritziak albo batera utziz. Etorkizuna batera eraiki behar dugu, eta zinez uste dut euskal klase politikoak lehia politikotik atera behar duela euskal presoen auzia. ‘Giza Eskubideak, Konponbidea eta Bakea’ da etorkizuneko leloa, eta alderdikeriak, iragana. Hori dela eta, gizarte zibilak eredua eman behar du, ideologien gainetik elkarrekin agertuz, ondoren alderdiek ere ikas dezaten normaltasunez elkarlanean aritzen.
Bake prozesua ez atzera ez aurrera al dago?
Bake prozesuak ez dira inon ta inoiz errazak izan. Beste gauza bat da hemen gertatzen ari dena: erakunde armatu bat bere armen desarmatzea egiteko asmotan den aldi berean, frantziar nahiz espainiar gobernuek aurkako jarrera proaktiboaz erantzuten diote. Bitxia benetan, munduko gatazka armatuen konpontze estandarretan inoiz eta inon ikusi gabea. Baina, aurrez esan bezala, bakea eraikitzea da zaila dena, eta gerra egiteko iraganeko joerak mantentzea errazena. Hemen ere, gizarte zibilak zer esan handia du, eta berriro diogu, presoen gaiak garrantzi berezia du prozesuak aurrerapausoak izan ditzan. Gure bultzada erabatekoa izango da norabide horretan.