Aurtengoan, hiru zati nagusiz osatutako emanaldia eskeiniko da, eta bertan Iraurgi Abesbatzak Azkoitian berriki estreinatu duen Carmina Burana kantataren zati ezagunenarekin hasi (oraingoan Musika Bandarekin batera), Bortzirietako inguru ederretan murgilduz bertako ohiturak eta oraindik mantentzen diren tradizioak ezagutu eta Bardeetako lautada handietako makil joko eta erritmo alaiez amaituko den ibilaldiaz gozatzeko aukera izango da.
Jarraian ikus daiteke egitarau osoa:
SAN ANDRES 2015 JAIALDIA, Baztartxon, azaroaren 28an, arratsaldeko 18:00etan.
Partehartzaileak:
- Azkoitiko Musika Banda
- Iraurgi Abesbatza
- Sahatsa DT
1. CARMINA BURANA (O Fortuna) eta JAIALDIA
- Musika Banda eta Iraurgi abesbatzaren kontzertua. Carl Orff-ek XX. mendean konposatutako Carmina Burana kantatako “O Fortuna” obra indartsua interpretatuko da, eta jarraian, Iñaki Urkizuk eginiko “Jaialdia”, abesti herrikoi eta ezagunez osatutako aukeraketa bat.
2. BIDASOA LILURAGARRIA
- Donamaria Dorretxeko alaba gazteena, haurtzarotik nerabezarorako trantsizio bidean, egon ezinik dago Maiatzeko Erregin izendatzeko eskaera egingo dioten egunerako. Orbaizetako poema ederrak dorretxean entzungai diren bitartean, inauteriak joan zaizkigu, eta zaku zaharrak mesfidati begiratzen dute, izan ere, eguraldi onarekin batera, bordon-dantza eta ezpata dantzen lilura zabalduko da, Bidasoa ibaia ardatz hartzen duten Bortzirietako bost herrietan barna.
Donamaria Dorretxea
3. BARDEAK, ERRIBERAR KASTA
- Iparraldeko negu gogorraren ondorioak pixkat arintzeko asmotan Erriberako zelaietan ibili ondoren, artzaiak euren artaldeekin batera Auñamendietako ibarretara itzulian dira berriro. Udarekin batera, dultzainen ahaire eta danbor errepiken soinuak Bardeak hartu ditu. Hasi dira, besta, behi, erraldoi eta makila jokoak. Neska mutilek entzierrotan korrika eginez eta dultzainen doinuaz dantza eta jauzi eginez, Erribera hartuko dute.
Nafarroako Erribera, Ebro ibaiak zeharkaturik.
Bigarren eta hirugarren atalak prestatzeko, Sahatsako kideek hainbat irteera egin dituzte urtean zehar, Bidasoako eskualdeko eta Nafarroako Erriberako txoko ezberdinak bisitatu eta hango folklorea bertatik bertara ezagututzeko, Berako Bordon Dantza izanik berrikuntza nagusia eta Erriberako Makil Dantzen topaketa Erriberako dantzak ikasteko erreferente garrantzitsuenetako bat. Bildutako informazioarekin, eta inguru haietako jendea, paisaiak eta orografia oinarri hartuz, Nafarroa Garai osoan zehar murgilduko gaituen ikuskizuna izango da larunbatekoa.
Entsegu orokorrak jada amaitzear daude, eta hiru taldeak gogor eta ilusioz ari dira lanean, larunbatean, azkoitiar eta bertaratzen diren guztientzat gozagarri izatea espero duten emanaldia eskeintzeko.
Bertan ikusiko dugu elkar!