Oraindik ez da erabat amaitu askapen nazional eta sozialaren aldeko guduaren aroa, ez baitute amaiarazi nahi, ez indar espainolek, ez haien laguntzaile baliagarria den hemengo alderdi autonomista-federalistak ere. Madrildik presoen gaineko mendeku judizialekin jarraitu nahi dute epaile neofrankistek, eta hemengo unionistek, bereziki PPk —PSEk eta EAJk ere bai, beste maila batean—, etekin politikoa ateratzen jarraitu nahi dute, zoru etikoaren mantra ehunetik laurogeita hemeretzian politikoa denarekin, eskrupulu etikoen itxurapean, interes politiko gordina ezkutaturik.
Frankismoaren berrogei urteko estatu-terrorismo eta diktadura ankerra gainzuritzeko, hots, demokrata homologatuak bihurtzeko, Francoren heriotzatik zazpi urte nahikoa izan ziren, bereziki PSOEk bozak irabaztea 1982an —1981eko estatu-kolpe neofrankistaren eragin erabakigarriarekin—, eta harrezkero alderdi demokrata espainolek ez dute eskrupulu etikorik agertu, ez diete zoru etikorik galdegin frankismoaren oinordekoei, eta demokrata espainolen zabarkeriaren edo koldarkeriaren ondorioz, ikusten dugu PP-Vox zein haziak eta harropuztuak dabiltzan!; haatik, borroka armatuaren amaieratik hamabi urtera kasik, oraindik EH Bilduren deabrutzeari eusten diote, PPk 'apartheid'-a proposatzen du, arrazoi soilik politikoengatik. Non geratu da borroka armatuaren garaian hainbestetan entzuten zen lelo hura: armak utziz gero, edozertaz eztabaidatu ahal izango da.
Aurkia eta ifrentzua aipatu ditugu izenburuan. Aurkiaren ataletako bat da —garrantzitsuena, beharbada— lasaiago bizi garela, guduan erabat nahasi ez ginenok ere. Aljerreko negoziazio prozesuaren porrotetik aurrera, bereziki Lizarra-Garaziko su-etenaren amaieraren ondotik, tentsio politikoa oso bortitza izan zen, eta denok sufritu genuen; eta hori, beharrik, baretu da, nahiz gorago esan bezala, erabat amaiarazi ez den egin, interes politikoengatik ez delako amaiarazi nahi. Eta ifrentzua?
Aro zaharrean Hego Euskal Herriko erakundeetan soilik parte hartzen zuen ezker abertzaleak —Madrilen sinbolikoki baino ez; eta orain, EA eta Alternatibarekin EH Bildu osaturik— estrategia aldatu du, eta bere helburuak lortzeko baliagarri jota, borroka instituzioetara bideratu du. Madrilen erabakigarri izan nahi du, horretan gara, eta estrategia horrek beste desafio bat dauka hemendik bi hilabete eskasera, Madrileko parlamentuko bozetan.
Estrategia aldaketa horretan eragin du, dudarik gabe, gizartearen neke eta bilakaera indibidualista-kontsumista orokorrak eta horrekin batean, Hego Euskal Herrian, EAJrekin arazo nazionalean bat egin ezin izanak; bereziki, alderdi autonomista-federalistak lehentasuna eman diolako botere autonomikoa sendotzeari, eta estatuarekin guztiz ezinezkoa den berdinen arteko nahi omen litzatekeen alde biko harreman zintzoa lantzeari, estrategia horrek eskumen borroka eternalera kondenatzen duelarik.
Azken bozetan boto-galera izan duelarik, EAJk erabaki du zer egin: PSE espainolarekin koalizioa egitea, abertzaleen arteko elkarlana ezinezko bihurturik —borroka armatua zegoenean baino garbiago ikusten dira orain EAJren muga autonomistak eta aliantza espainolak—, eta nola edo hala PPren EHBildufobia baliatzea, itzalgaizka bezala. Hurrengo bozetan, hoberena koalizioan aurkeztea izango lukete; hartara, boto-emaileek argi jakin dezaten nori ematen ari diren botoa.
EH Bildurengana etorriz, Sanchezek egindako dei larriari: PP-Vox ala ni!, nola erantzun dio? ERCrekin estukiago batzea erabaki du eta Senatura elkarrekin joatea. Beren estrategiagatik 300.000 boto galdu ditu ERCk baina ez dirudi aldaketa handirik egiteko dagoenik. Alderdi horretako presidente den Oriol Junquerasek esan duenez, azken lau urteetan EH Bilduren eta euren arteko batasuna indartzeak herritarren eskubideetan eta askatasunean sakontzeko aukera eman du.
Garbi dago estatuak 1978ko Konstituzioarekin marraztu eta mugatu eta definituriko esparruan jokatzeak, berdin dio eskuinetik edo ezkerretik edo erditik, estatua egonkortzera eta indartzera daramala, nahi gabe ere. Eta galtzaile Euskal Herri euskalduna lortzen joateko estatu zapaltzaileetatik independentzia nahi genukeen herritarrok, zeren aro berri honen ifrentzu tamalgarria da arazo nazionala, linguistiko-kulturala dena funtsean, kasu gehienetan lausotu eta difuminatu egin dela ongizate estatuaren aldarean, eta leku erdaldunenetan ezabatu.
Aro berri honetan, gure egunerokotasun espainola ez da ikusten, ez da sentitzen edo ez da ikusi eta sentitu nahi. Garrantzizkoena ongizatea da, eta ongizate horretan ez da sartzen norberaren nazio eta hizkuntza-identitatea aintzat hartzea, soilik arazo sozialak.
Hasteko, noizko EAJn eta EH Bildun agintarietarik izateko, erakunde garrantzitsuenetan buru izateko, ezinbesteko baldintza euskara maila ona izatea —militante izateko ere baldintzak jartzea!—, hots, euskarari balio politikoa ematea —euskarak egungo egunean balio komunikatiboa eta komertziala ez ditu handiak, baina potentzialitate handia du, objektiboki, beste komunitate bat osatzen dugula garbi sentitzeko eta sentiarazteko!— eta etxe barrua ondo antolatzea; alderdi bat edo alderdien koalizio bat mikrogizarte bat denez gero; eta erdaldunak zenbat eta gorago, orduan eta erdalduntzaileago gerta litezkeelako, etxe barruan ere.
Guri ez dagokigu Sanchezen edo estatu espainolaren arazo politiko-sozialak konpontzea, burujabetzari buruz urratsak egitea baino, eta une honetan, ezin gara kontentatu espainiar faxismoari denok espainol hutsak bagina bezala aurre egitearekin. Ala aro aldaketarekin, politikoki, ezkerreko edo eskuineko edo zentroko espainol hutsak bihurtu gara?
Osorik irakurri
Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide