Ez dut ezer berririk esango esaten badut barkamenaren edo eragindako minaren aitortza eta, oro har, motibazio politikoko giza eskubideen urraketekin zer egin, nola erreparatu eta bizikidetza harmoniotsura nola itzuli, boladan dagoen gaia dela gurean. 1936ko gerraondoan ere egon zen, eta gurean oso modu berezian tratatu zuen Telesforo Monzonek.
Jakina den bezala, Nafarroa Garaian, jendartean izua hedatu zuten hiltzaileak eta salatzaileak asko izan ziren, Mola jenerala eta Rodeznoko kondea buruzagi eta xaxatzaile nagusi zituztela, eta haien aginduetara falangistak eta errekete boluntarioak -haietako buruzagi nagusietako bat Ignazio Baleztena--, gerra-frontetik landa. Gerra-galtzaile eta aipatu ditugunen basakerien pairatzaile gehienen pentsaeran eta sentieran, Franco agintean zen bitartean, gorrotatu baino ezin ziren egin hiltzaileak eta haien laguntzaileak, eta Franco hil ondoan, justizia egin behar zen. Ez zen iritzi berekoa Telesforo Monzon; honako gertakari honek erakusten duen bezala.
1949ko irailean, Euskal Dantzarien Besta ospatu zen Baionan, eta bertan Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko bostehun bat dantzari ibili ziren Baionako karriketan barna katedralean amaitzeko, eta haiekin batean Nafarroako Muthiko Alaiak peñako dantzariak, buru Ignazio Baleztena errekete buruzagi famatua eta haren arreba Dolores Baleztena zituztela. Egun hartan Monzon Baionako bikario P. Narbaitzen etxean zen bazkaltzen, Terrier orduko Baionako apezpiku, Jean Saint-Pierre Cartagoko apezpiku ohi, Manu Sota, Eskualdun Gazteriako omonier Idieder, Filipe Oihanburu Oldarra dantza-taldeko zuzendari eta beste handiki batekin batera.
Otordu garaian, zerbitzari batek jakinarazi zien Nafarroa Garaiko dantzariak piknika egiten ari zirela, eta ogirik gabe zeudela. Orduan, Telesforo Monzon Manu Sotarekin atera zen arrapaladan ogi bila, eta lorturik, ogi preziatuarekin nafar dantzari eta baleztenatarrengana joan ziren ogi eskaintza egitera. Ignazio Baleztenak eskerrak eman omen zizkion Telesforori, eta ordainetan ardo zahatoa eskaini bide zion, eta bai edan ere Telesforok.
Oraindik orain kontatu du gertakari hura Filipe Oihanburuk, iruzkin hau erantsirik: «...etsai politiko handiak izan ondotik! Izigarriak! Baina biak katolikoak ziren, eta hori gertatu zen Monzonek zuen antzezle alde horrengatik. Hark bazuen antzezle hori, eta ni parekoa naiz. Inportantea da bizitzan antzeztea, noiztenka» (Alegria, Oskar: Filipe Oihanbururi elkarrizketa, Jakin 218, 2017 urtarrila-otsaila).
Telesforok berak Alderdin plazaratutako artikuluan, eguberrietako ipuin moduan kontatu zuen. Terrier apezpikuak Aita gurea laudatu omen zuen, hura otoitzik ederrentzat jorik, eta aipatu omen zuen haurrak zenbait euskal herritan biltzen zirela iluntzean, eta aita gurea erraten zutela. Barka iezazkiguzu gure zorrak erratera iritsitakoan gelditu, eta norbait norbaitekin haserretua egonez gero, harengana joan eta barkamena galdegiten ziotela. Eta haiek ere, Monzonek eta Sotak gauza bertsua egin zutela, alegia.
Itxura batera gertakari komikoa da, baina azala bakarrik du komikoa. Hamahiru urte lehenago Mola eta Francoren matxinadari laguntza erabakigarria emandako buruzagi karlista-tradizionalista-frankista bati eman zion ogia Telesforok, eskaini zion barkamena, baina berak kristau ekintza gorena egin nahi zuen, batetik, horretan sinesten zuelako. Beraz, barkamenaren ekintza kristaua. Zein urrun dagoen egungo jarrera mendekatietatik! Soil-soilik ekintza erlijiosoa?
Ez, soil-soilik ez. 1936ko gerra hasi berritan, Nafarroatik Oiartzunera sartu ziren erreketeak, eta, jakina, bidean harrapatzen zituzten gudariak eta milizianoak hiltzen saiatu ziren. Halako batean, Trintxerpe inguruko miliziano batzuek Baztan aldeko errekete euskaldun batzuk preso hartu omen zituzten eta Donostiara eraman, Aldundira. Han omen zeuden Defentsa Batzordeko kide ziren Manuel Irujo eta Telesforo Monzon. Eta Telesforok errekete baztandar euskaldun haiek euskaraz mintzatzen entzunda, gutxi gorabehera esan omen zion gaztelaniaz Manuel Irujori: ni hauen etsai ezin naiz izan, hauek nire anaiak dira, eta ez ezkertiar erdaldun horiek. Eta Irujok esan omen zion: bai, baina honako bidean, nafar euskaldun horiek eusko gudariak hil omen dituzte!
Telesforo Monzonentzat euskaldunok nafarrekin adiskidetu behar genuen, haiei barkatu behar genien 1512an mendebaldeko nafarrek ez al genion Gaztelari lagundu Nafarroa konkistatzen? Ordain moduan edo, ez eskuin espainolari, eta, horretarako horrelako keinuak behar ziren, esaterako, erreketeen buruzagi izana buru zuten nafar dantzariei ogia ematea. Ekintza erlijiosoa hein handi batean, baina ez osoki. Telesforok bizia zazpi euskal lurraldez osaturiko estatu euskaldunaren alde eman zuen.
Egungo koiunturan, aldiz, egungo adiskidetu behar eta aitortza kontuotan, nagusi dabilena alde handiz alde politikoa da, Monzonen kasuan ez bezala, nahiz harenean ere alde politikoa ere bazegoen.
Osorik irakurri
Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide