Aitortu beharra daukat: harrotasunez betetzen nau euskararen kale erabilera handienetarikoa duen herri bat gurea izateak. Halaber, ezin dut ezikusiarena egin, badakidalako Azkoitiko nerabeen eta haurren artean gero eta gutxiago entzuten dela euskara; ostiral arratsalde batean goxoki denda batera gerturatu besterik ez dago.
Aldi berean, Korrika bezalako egitasmo parte hartzaileek esperantza puntu bat sortzen didate barruan, ikusten dudalako badagoela borondatea eta lanerako prestutasuna duen jendea herrian. Hala ere, zer espazio fisikotan bizi da ikasturte guztian euskararen aldeko borroka?
Gure herrian euskarak bizirik eta indartsu jarraitzea nahi badugu, aspektu guztiak berreskuratu behar ditu gure hizkuntzak, eta lan aktiboa egin behar da horretarako. Belaunaldi berriei transmititu behar diegu euskaraz zergatik hitz egin nahi dugun; hau da, euskararen aldeko borroka hautu politiko bihurtu.
Eskoletan edo parkeetan biziraun behar duen bezala, gazteen sozializaziorako eta aisialdirako espazioetan ere bermatu egin behar dugu euskararen erabilera eta sustapena. Zentzu horretan, ezin aipatu gabe utzi aspalditik herrian bolo-bolo dabilen gaztetxearen gaia. Gazteen sozializaziorako espazioak bizkarrezurra izan daitezke borroka sozialak herriratzeko. Espazio horren alde borrokan dabiltzan herriko gazteengana batzeko arrazoi bat gehiago daukat gaur, beraz.