Kokoteraino gauzkate urtean bi aldiz irakurketak argitaratzea ondo eman arren, ikasturtean zehar dauden borrokak isilarazten dituztenek. Pentsa litekeenaren kontrara, ez naiz ari urruti gelditzen zaizkigula diruditen eta langileon esplotazioari esker poltsikoak betetzen dituzten enpresari multinazionalei buruz bakarrik. Azkoitiko errealitateaz ere ari naiz.
Adibide sinple bat jartzeko, guztiok dugu oso entzutetsuak diren kasuen berri: Epsteinena, Pelicotena edo Julio Iglesiasena, besteak beste. Badirudi mediatikoki oihartzuna hartzen dutenean konturatzen dela gizartea emakumeok oraindik ere zapaltzen gaituztela. Ordea, kuriosoa da ikustea, aldi berean, gure herrian aspalditik eta urte osoan zehar ditugun zapalkuntzak guztiz normalizatuta ditugula. Besteak beste, San Jose egoitzako langileen prekarietatea edo etxez etxeko langileen egoera miserablea, zer etorriko den jakin gabe hainbat egunetako grebak egiten dabiltzan jangelakoak, egoera irregularrean eta edozein modutan lanean dabiltzan emakume migratuak… Oso onartua dugu aitortza sozial txikia duten eta feminizatuta dauden lantokietako esplotazioa: soldata baxuenak, txanda amaigabeak, greba eskubidea praktikan ukatua izatea, ia erabateko partzialtasuna…
Gainera, aipatutako zapalkuntza horiek, hain desberdinak izanda ere, boteretsuenen kontura egiten dira beti: emakumeon sexualizazioaz aberasten diren plataforma handiak, indarrean jarraitzen duten Trump bezalako figuren inpunitatea, zaintza zerbitzuen edo abortu kliniken pribatizazioari esker poltsikoak borborka dituzten enpresari handiak… Izan ere, aberatsenei ezin hobeto datorkie langileriaren esplotazioa, eta nola ez, subjektu are debaluatuago eta esplotagarriago bat izatea: emakume langilea.
Ez diezagutela, beraz, Martxoaren 8a edukiz hustu. Ez diezagutela egun hau ospakizun bat bailitzan saldu. Emakume langileon zapalkuntzari aurre egingo badiogu bere forma guztietan, beharrezkoa da politizaziorako tresnak eta antolakuntza espazioak sortzea, baita igande honetakoa bezalako egunetan mobilizatzea ere.