Errematea

Beldurrak beldur

Erabiltzailearen aurpegia Nora Unanue Piris

Baso bat.

Nora Unanue kolaboratzaileak urriko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Beldurrak beldur. 

Haurrak garenean oso ohikoa izaten da gauak beldurra ematea, iluntasunak, agian.

Iluntasun horretan egon daitezkeen munstro ezezagunek edota pertsona maltzurrek beldurtzen dituzte haurrak. Hala ere, goizeko argiarekin batera, agerian gelditzen da guztia; gardentasunak lasaitu egiten gaituela dirudi. Heltzean, ordea, nora joaten dira beldur horiek?

Elkarrizketan ari ginela, zera esan zidan lagunak: beldurrak konplexu bihurtzen dira urteak aurrera joan ahala. Beldurrak gaitasun ezean oinarritzen direla zioen, alegia. Besteak beste, bakarrik gelditzeko beldurraren erroa egoera horretara egokitzeko segurtasun faltan dagoela.

Izena duen dena badela dakigun moduan, jakin badakigu, desagertu baino eraldatu egiten direla gure ideiak, harremanak, pentsaerak... Gauzak horrela, beldurrekin bizitzera ohitu garela esatera ausartuko nintzateke, beldur moduan ez identifikatzeraino. Munstrorik maltzurrenek egun argiz eta gure muturren aurrean jokatzen dutela. Munstro bakanak ezabatzea alferrikakoa dela, ez badugu haiek inguratzen dituzten iluntasunarekin eta parafernalia guztiarekin amaitzen.

Zeren beldur garen ez baldin badakigu, ezin aurre egin. Badut benetan izutzen nauen beldur bat: herriak beldurrik ez izatea.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide