Errua eta errukia uste baino hurbilago daude elkarrengandik. Edo hori diote behintzat patxadaz errudun sentiarazi nahi gaituztenek. Ekintzek omen diote nor garen, eta ekintzak sentimenduek gidatzen omen dituzte. Errudun sentitzearekin egin dezakeguna alde batera utzi, eta erruki ginenaren errua bota ziguten arte.
Kuriosoa da ikustea errudun nahi gaituzten haiek dituztela poltsikoak beteta. Erruki garenok ditugu artean poltsiko hutsak, eta hala ere, errudun sentitzen gara. Beste bonba bat Gazan, errukitu gara; emakume trata sare erraldoia Euskal Herrian, errukitu gara; beste talde bortxaketa bat, errukitu gara; korrupzioa, errukitu gara; "XXI. mendean, benetan?" errukitu gara, mendeek berez aurrerapenak ekarriko balituzte bezala. Aurrerapausoak borrokari lotuta etorri direla ahaztuta, edo horixe bera ukatu nahian, batek daki.
Gure herrian gertatu da oraingoan, gure etxean eta gure gorputzetan. Orduan ohartu gara erruki izateak ez duela ezer konpontzen. Erruki izateak ez duela erruduna seinalatzen. Errukitzearekin ere ez omen da nahikoa orain, eta errudun sentitzen gara erruki izateagatik ere. Errudunek poltsikoak bete bitartean, beste guztiok erruki.