Etxebizitza duin bat izatea oinarrizko eskubidea dela entzun dugu betidanik, baina, zoritxarrez, errealitatea oso urrun dago saldu nahi diguten eslogan horretatik.
Alokairua ala jabetza? Hori izan ohi da emantzipatu nahi duenaren lehen buruhaustea. Lehenari dagokionez, aldizkari digitalean argitaratutako artikulu batek zioen, urrutira joan gabe, Urola Kostako alokairuen prezioek 150 euroko igoera izan zutela 2016 eta 2023 artean. Gazteei bideratutako bekak omen daude horri aurre egiteko, baina gazteei laguntzetik urrun, errentisten poltsikoetan amaitzen du diru horrek guztiak, prezioek goraka jarraitzen baitute.
Etxe bat erosteari dagokionez, berriz, badirudi Azkoitian eraikitzen diren etxebizitza guztiek luxuzkoak behar dutela izan. Beste modu batera esanda, gure herrietan sustatzen den etxebizitza eredua oso urrun dago maila ekonomiko apala dutenen eskumenetik. Hori gutxi balitz, prezio horiek guztiek gorantz jarraitzen duten bitartean, soldatak bere horretan mantendu dira, eta gauzak horrela, gero eta zailagoa da etxebizitza duin baterako sarbidea izatea.
Eskubide bat izatetik urrun, beraz, aspaldi ikasi dugu (baita erraz asumitu ere) etxebizitzaren auzia negozio eta espekulazio hutsa bilakatu dela, gehien behar dutenen kalterako.