Kamran Arif: 'Bertakoa egin zitzaidan errazagoa eta erakargarriena: euskara, alegia'

Erabiltzailearen aurpegia Maite Rodriguez 2017ko api. 6a, 09:24

Kamran Arif, Azkoitian bizi den pakistandarra.

Kamran Arif, pakistandarra jaiotzez, Gujarateko herri txiki batetik etorri zen Azkoitira, duela hamar urte. Hasieratik euskaraz aritzea ikaragarri gustatzen zaiola eta, lagunekin ez ezik etxean ere anai-arreben artean beti euskaraz aritzen zen, eta horrela asko hobetu zuen euskara maila.

 

Zer dela eta utzi zenuen zure jatorrizko herria?

Aita lehenagotik bizi zen Azkoitian, hemen lan egiten zuen eta. Horregatik etorri ginen familia guztia Azkoitira, elkarrekin bizi ahal izateko eta aitarengandik mila kilometrora ez egoteko. Horrez gain, beste arrazoi nagusia ikasketak izan ziren. Izan ere, ni jaio nintzen herri eta inguruneak ez zituen Europako herrialde askok dituzten baliabide akademiko onak; hemen ikasketa hobeak lortzeko aukera dago. Horiexek izan ziren jaioterria, txikitako lagunak, jolasean ibiltzen ginen txoko ahaztezinak eta beste zenbait gauza uzteko arrazoiak.

Azkoitira iritsi zinenean, zerk eman zizun atentzio handiena?

Azkoitira iristea beste mundu bat zapaltzea bezalakoa izan zen, ez bainuen ezer ezagutzen. Egunero zerbait berria ikustean, kuriosoa iruditzen zitzaidan, eta aldi berean interesgarria. Euskal tradizioak eta kulturak eman zidaten atentzio handiena; nik nituenekin alderatuta, erabat ezberdinak eta dibertigarriak iruditzen zitzaizkidan.

Euskararen berririk bazenuen hona iritsi aurretik? Zailtasun asko izan zenituen?

Iritsi nintzenean, ez nekien ez euskaraz ez gazteleraz, baina bai, ordea, ingelesez. Ume batek lehenengo aldiz hitz egiten ikasten duen bezalaxe, hutsetik hasi nintzen euskararekin. Normala den bezala, hasiera gogorra eta oso zaila egin zitzaidan. Ikaragarri gustatzen zitzaidan euskaraz aritzea, eta, horrela, lagunekin ez ezik etxean ere anai-arreben artean beti euskaraz arituz, asko hobetu nuen. Asko estimatzen dut hobetzeko prozesu horretan guztian izan nituen irakasle batzuen laguntza handia eta haiek nirekin eginiko esfortzua. Geroago ekin nion gaztelera ikasteari, eta, gaztelera errazagoa dela dioten arren, bertakoa egin zitzaidan errazagoa eta erakargarriena: euskara, alegia.

Erlijioari dagokionez, meskita bat ireki berri dute Floreaga auzoan. Zer-nolako garrantzia du horrek zuretzat?

Egia esan, txikitatik irakatsi didate besteen eskubideak errespetatzen eta berdintasunez jokatzen. Eta Azkoitiko jende musulmanarentzat otoitz egiteko ireki berri den meskita beharrezko eraikina da haien sinesmenak eta balioak nolabait betetzeko. Izan ere, beste edonork erlijioan sinistu edo ez erabakitzeko eskubidea duen bezala, bertako musulmanek ere normal otoitz egiteko eskubidea dute, nire iritziz.

Zure ustez, Azkoitian ba al dago kultura desberdinen arteko harremanik?

Azkoitian eskuzabaltasun handiz jokatu nahi izan da kultura ezberdinen arteko trukeari dagokionez, truke hori sustatzeko ekintza batzuk antolatu izan ditugulako eta kultura ezberdinen arteko aldeak ondo eramaten saiatzen garelako. Horren guztiaren helburua Azkoitian aniztasunean bizitzea da, eta hori oso aberasgarria iruditzen zait.

Azkoitiarrek harrera ona egin al zizuten etorri zinenean?

Azkoitian bizi ginen lehenengo familia pakistandarra izan ginen, eta ez dut inoiz ahaztuko hasiera hartan azkoitiar gehienen aldetik jaso nuen ongietorria eta hurbiltasuna. Baina, denborarekin, nire jaioterrian edo munduko edozein tokitan bezala, denetariko jendea ezagutu nuen, batzuk irekiagoak beste batzuk baino. Garai hartan, gainera, kaletik pasatzean pertsona batzuk begira geratzen zitzaizkidan batzuetan, nongoa ote nintzen pentsatuz edo. Euskaraz adeitasunez agurtzen nituenean, irribarrea zabaltzen zitzaien, eguna alaituko banie bezala [barrez].

Azkoitiko tokirik kuttunena?

Azkoitiko txoko bakoitzak du berezitasuna eta aparteko xarma. Dena den, gehien gustatzen zaidana zera da: Azkoitia inguratzen duten mendietatik ikusten den Azkoitia bera, inguruko paisaia paregabearekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide