Zerk bultzatuta etorri zineten Azkoitira?
Gure osaba-izebak Portugal utzi eta Azkoitira etorriak ziren ordurako. Hori zela eta, 2005. urteko abuztuan oporretara etorri ginen haiek bisitatzera. Ikaragarri gustatu zitzaigun herria, eta, osabaren bitartez, aitari lana eskaini zioten; horregatik erabaki genuen Porto utzi eta Azkoitira etortzea.
Portugalen badaukazue familiarik?
Bai, familia oso handia daukagu. Gu izan ezik, beste guztiak Portugalen bizi dira: lau aitona-amonak, izeba-osabak eta lehengusu guztiak han daude. Noizbehinka joaten gara haiek bisitatzera, bide batez oporraldia aprobetxatuz.
Zein dira desberdintasun nabarienak Euskal Herriaren eta Portugalen artean?
Desberdintasunak badira, baina ez nuke jakingo alderatzen. 15 urte nituenean etorri nintzen Azkoitira; dagoeneko 10 urte igaro dira, eta esan dezaket ia-ia hemen denbora gehiago igaro dudala neure jaioterrian baino. Ekonomikoki konparatuta, hemengo egoera egonkorragoa dela esango nuke.
Zerk eman zizun atentzio handiena gure herrian?
Atentzioa gauza batek baino gehiagok eman zidaten; adibidez, zeinen berandu egiten diren otorduak. Izan ere, Portugalen hamabietarako bazkaltzen dugu, eta zazpietarako afalduak gaude, baina hemen badirudi ez dagoela presarik, oso berandu bazkaltzen eta afaltzen baita. Esku pilotak ere atentzio handia eman zidan; harriturik geratu nintzen kirol hori ikusi nuen lehenengo aldian. Eskuarekin zuzenean pilota jotzea sekulakoa iruditu zitzaidan, eta oraindik kirol bitxia iruditzen zait, oso berezia. Euskaldunek natura bizitzeko daukaten moduak ere atentzioa eman zidan; hemen oso jende osasuntsua, naturaren maitalea eta oso jende ona aurkitu dut. Oso sanoak zarete.
Euskararen berririk bazenuen? Zer moduz daramazu?
Euskara existitzen zela banekien; azken batean, familia hemen zegoen, eta haien bidez gauza askoren berri jakin genuen. Nahiz eta bost urtez daramatzadan zerbitzari lanetan, oraindik ez dut euskara menderatzen, baina ziur nago egunen batean menderatuko dudala pixkanaka-pixkanaka. Gaztelerara askoz ere errazagoa egin zitzaidan, segituan moldatu nintzelako eta ia arazorik ez nuelako izan, baina euskara askoz ere hizkuntza konplexuagoa da. Hala eta guztiz, oso hizkuntza interesgarria dela iruditzen zait.
Luzerako etorri zienen hasieratik?
Bat ere dudarik gabe, gelditzeko asmoarekin etorri ginen. Nik bizimodua hemen daukat egina, eta garrantzitsuena hemen daukat: familia, lagunak eta neska-laguna. Hemen familia bat sortzeko asmoa daukat.
Zein da gehien gustatzen zaizun txokoa edo tokia?
Zazpi frontoiak.