"Zertarako ikasi zenbaki erromatarrak?", pentsa lezake gaur egungo edozein nerabe modernok Tiktokeko azken koreografia grabatzen ari ez denean. "Zenbaki erromatarrak zertarako?", galde lezake eguneroko behar praktikoaz haraindi begiratzeko zailtasunak dituen hiritar miopeak. Ezabatzen hasita, ken ditzagun arteak paretik, ederrak eta besteak, kendu burua alferrikako edukiz betetzeko arriskutsua den edozer. Zientziaren zuhaitza kimatzen hasita, erauzi dezagun errotik eta landatu papera emango duen eukaliptoz, gero jakinarazpen gehienak digitalean irakurri arren, eta inor ausar ez dadin gizakiaren existentziari buruzko galderak egitera.
Erromatarrek ez zuten zenbakien eta hizkien arteko bereizketarik egiten, hain zuzen ere hizkiak zenbakiak zirelako. Gaur egun bi lerro paralelo dira zientziak eta letrak hezkuntza sisteman, enborreko ikasgaiak salbu (oraingoz). Helburua konpetentzietan oinarritutako jakintzak lehenestea da, esan nahi baita, lehiakortasunean hezitako hiritarrak osatzea. Hortaz, koherenteak izate aldera, zenbaki erromatarrak dituzten ordulari guztiak deuseztu beharko lirateke, baldin eta zer ordutan bizi garen jakin nahi badugu.
Hutsuneak ez zuen zenbakirik erromatarrentzat, ezerezak ez baitu zenbatzeko balio. Hizkiak elkarri erantsita sortzen zituzten kopuruak, baina hutsak ez zuen baliokiderik, ez zutelako grafikoki adierazteko beharrik. Erdi Aroko italiar merkatariak ohartu ziren, beranduxeago, zenbaki arabiarren abantailez. Negozio gizon haientzat, berriz, ezerezak sekulako garrantzia zuen. Oh tempora, oh mores! Arabierazko sifr hitzarekin izendatu zuten hasieran. Denboraren haizearen higaduraz zepiro bilakatuko zen geroago, eta, azkenik, egungo zero bihurtu zen. Eskerrak, beraz, Erdi Aroko ekintzaile haiei, nola eskatuko genuke bestela Coca-Cola zero zero bat?
Kolon nabigatzaile ospetsua estreinakoz Amerikan lehorreratu zenez geroztik, erromatar zenbaki sistemak bereak egin zuen. Ordutik aurrera, arabiar zenbakiek ordezkatu zituzten munduko kontuak eta komeriak. Ikus daitekeenez, beraz, erromatar zenbakien afera ez da atzo goizekoa. Zenbakiak ere, dirua bezalaxe, joan-etorrikoak direnez, norabide bakarrekoa den bizitzari tinko eustea baino ez zaigu geratzen. Erronka txiki bat: saiatu zure jaiotze urtea eta zure adina erromatarrez idazten. Erronka handixeago bat: eman bi zenbakiak aldamenean daukazunari. Deszifratzeko gai bada, ez askatu.
Ohar gaitezen, bestalde, gaur egun zenbaki erromatarrak pertsonaia garrantzitsuak nabarmentzeko erabiltzen direla. Esate baterako: Atano III.a, Retegi II.a, Altuna III.a, Leon XIV.a eta abar. Sona handiko izenen artean ere, hutsak ez dauka lekurik.
Eta ezertarako balio ez duten gaien kapitulu honetan, bitxia da antzinako gizakiren batek egindako aurkikuntza. Harrizko zenbat aizkora zituen jakin nahian zebilen bere atzamarrei begira ari zen bitartean, eri luzexka haiek zertarako balio ote zezaketen asmatu nahian. •
Kolon Amerikan lehorreratu zenetik, erromatar zenbaki sistemak bereak egin zuen