Etxetik hurbilago edo urrunago, denok gara turistak ezezagunak zaizkigun tokietan. Knossosko jauregi minoikoaren zutabe gorrien aurrean, Loiolako basilikaren kupularen azpian, Munoaundiko Burdin Aroko aztarnategian edo Durangoko Kurutziaga kalean, 1937an Italiako Aviazione Legionaria-ko hegazkinek bonbardatutako eraikinen artean.
Turista onak jakinguratsua behar du izan, erraz asetzen ez den horietakoa, tokiak ikuste hutsarekin konformatu ez, eta haiei buruz jakiteko egarria duena. Ereduzko turistak umearen pareko jakin-mina izan behar du kasik. Zerbaitek bultzatzen gaitu nonbaitera joatera, zergati batek eramaten gaitu urruntzera, galderak pizten baitu erantzuna. Norberak baino ezin dezake jakin, baina, zerk bultzatzen gaituen zerbait bisitatzera. Maiz asko tokia aitzakia baino ez da, itauna barrutik datorrelako.
Eta ez da gauza bera bakarrik bidaiatzea, bikotekidearekin, familiarekin edo taldean. Turista garbiak, bizitzan behin gutxienez, bakarrik bidaiatu behar du, bere burua ezagutzeko, etxetik eta etxekoengandik fisikoki aldentzeak gure barrunbera bidaiatzera bultzatzen gaituelako. Ohiko egoeratan, egunerokotasunaren erosotasunean, ez daukagu gure nortasunaz gehiegi hausnartzeko astirik, ezta gure burua probatzeko abagunerik ere, eta askotan horrek izutzen gaitu.
Turismoa, barne bidaia gisa ulertuz gero, pelegrinazioa da, landak zeharkatzea, alegia
Turismoa, beraz, hitzaren zentzu hertsian, hau da, barne bidaia gisa ulertuz gero, pelegrinazioa da, landak zeharkatzea, alegia. Horixe bera egin zuen, hain justu ere, ezagutzen dugun lehen emakume bidaiariak, Egeriak, dagoeneko oso aspaldikoa zaigun IV. mendean. Bost mila kilometro pasatxo egin zituen, ustez bakarrik, Gallaeciatik Lur Santuraino, baita berak lehen pertsonan idatzitako testu zoragarri baten arrastoa utzi ere, Itinerarium edo Ibilbidea deiturikoa.
Halabeharrez ala ez, emakume bat izan zen baita ere turismoaren abiarazlea. Santa Elena Konstantinoplakoak, Konstantino enperadorearen amak, IV. mendearen hasieran Jerusalemera egindako bidaldian, Jesusen Gurutziltzaketa egiteko erabili zen gurutzea edo Benetako Gurutzea aurkitu zuen, eta toki hartan bertan Hilobi Santuaren Basilika eraiki zuten. Aurkikuntza esanguratsu hark bidaiatzeko gogo bizia piztu zien orduko erromes dirudunei.
Gaur egun bezalaxe, orduan ere, baziren turismoaren aldekoak zein aurkakoak. Bi talde bereizten ziren: turismo jendetsuak ernegatzen zituztenak eta fedearen izenean bidaiatzen zutenen diruari esker bizimodua ateratzen zutenak. Konponbidea eta neurria hartzea afera errazak ez direnez, balia gaitezen, ahal dugun neurrian, bizitzaren bidaiak emandako eskarmentu oparoaz helmugara heltzean Itakak, pobrea iruditu arren, engainatu ez gaituela jabetzeko. •