Uso herrenak

Erabiltzailearen aurpegia Maite Lopez Las Heras 2026ko urtarrilaren 26a

Uso bat, kalean. (Freepik)

Maite Lopez kolaboratzaileak abenduko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Uso herrenak

Herrenka dabiltza usoak kalean. Hegan egiteko, anputazioak ez du axola. Oinez ibiltzeko, ordea, hankabiko izakiei dagokienez bederen, bi zangoak ondo izateak ibilera zuzena erruz ahalbidetzen du. Halere, bistan denez, zango bateko behatzen gabezia ez da oztopo terrazako mahai batetik bestera saltoka ibili eta janari hondarrak mokokatzeko.

Uso gaixoak. Askoren ustez, arratoi hegalariak. Herriaren arabera, gaixotasun ugariren igorleak. Higuingarriak, jende askorentzat. Arrisku bizia, lumei alergia edo fobia dietenentzat. Haurrek, ostera, gogoko dute beraiekin jolastea: uxatzen edo ogi-apurrak botatzen. Bihurrienek ere euren punteria hobetzeko probesten dituzte. Eta, jardunbide egokiekin jarraituz, ehiztariek mendira igotzeko lana hartzen dute, ondoren, hegaztiaren hilotza lumatu eta eltzean berotzeko. Kristauentzat maitasunaren ikur dira. Maiteminduek eta gerlariek, berriz, mezuak bidaltzeko erabiltzen zituzten Whatsappik gabeko ez hain urruneko aroren batean.

Niretzat, berriz, ederra da usoaren etimologia. Latinez, palumba eta columba, alegia, pagausoa eta haitz-usoa hurrenez hurren. Baina bereziki bigarren adiera da, ene aburuz, interesgarriena, columba hitzetik baitator kolunbario terminoa, eta hor gordetzen baititugu hildakoen errautsak kutxatiletan, hain zuzen ere, usategien tankerako horma hilobia delako.

hankaondoa agerian, asko dira kale eta tabernetan zehar dabiltzan kolunbidoak

Usoen maingutasuna, aldiz, gero eta nabariagoa da, asko baitira, hankaondoa agerian, gure kale eta tabernetan zehar dabiltzan kolunbidoak. Antza denez, hegazti horien herrentasunaren eragile nagusiak hariak eta ileak dira, zangoetan trabatu eta odol zirkulazioa mozten dietelako. Ez dakit kalean zenbat hari egongo den, ileak asko, ziurrenik, bai behintzat herriko uso gehienak herren uzteko lain.

Hortaz, baldin eta usoen ongizatea hobetu eta bermatu nahi badugu, hiritar onbera gisa, neurriak hartu beharko genituzke gure hondarrak jatera etortzen direnerako, ez daitezen hankabakar ibili. Adatsa lotuta nahiz estalita ibiltzea oso keinu abegikorra litzateke kaleetako ile-kopurua murrizteko. Hariena, berriz, neguan, zaila.

Horiek horrela, Homeroren Iliada lan epikoaren bertso-lerro bat (21, 493) etorri zait brastakoan gogora: "Artemisak negarrez alde egin zuen, gabiraia segika harkaitzean zulatutako hutsunean babes bila hegan doan usoak bezala". Artemisa naturaren, animalien eta ehizaren jainkosa zen. Haatik, Homerok ez du aipatzen Artemisak herrenka alde egin zuen ala ez, ezta uso hura maingua zen ala ez ere.

Eta Artemisa irudikatu dut, hastear dagoen negu berriak oparitutako azken eguzki izpien epeltasun urrian kafesne bat hartzen ari naizelarik, emakume bikote bat herrenka urruntzen begiesten dudan bitartean, haien herrentasunaren zergatia asmatu nahian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide