Zenbat aldiz errepikatu ote dugu "akordatzen?" galdera bizitzan zehar? Adinean zenbat eta aurrerago, orduan eta ohikoagoa bihurtzen da jada esamolde bilakaturiko itaun hori. Alegia, zenbat eta zaharrago, orduan eta pasadizo gehiago gogora ekartzeko eta, bide batez, aspaldiko lagunekin elkarrizketak betetzeko. Hau da, adina oroitzapen gordailu lagungarria da ekintzak alboratzen hasi eta gomutak bizipenengatik ordezkatzeko sasoira gerturatu ahala.
Uda ostea bolada aproposa izan ohi da errutinaren zama gainean daramagularik honetaz eta hartaz akordatzeko. Esate baterako, itsasoari begira hartutako garagardoaren freskotasun partekatua eztarrian behera, kanpineko igerilekuan ezezagun harekin izandako elkarrizketa konplizea, eman gabe gelditu zen musuaren arrasto hezea edo ezkutuan eta azkar batean jasotako besarkadaren lasaitasuna, edozein hiriburutako asfaltoaren sargoria edo herriaren hustasunaren oihartzun ozenegia nahiz andremarietako ajearen tamaina adinaren neurgailu fidagarri gisa.
Memoriaren lotsaizunari hautsak kentzeko are aproposagoak izan daitezke, ordea, kinto afariak. Nori gustatzen zitzaion nor, andereñoaren zigorra txiste bilakatua, eskola garaiko janzkera barregarria, etorri zirenak eta joan direnak, daudenak eta ez daudenak, irri eta negar malkoak, parrandak, bakoitzaren lanbideak, ikasketak, askoren mus partidak, pilota edo futbol partiden emaitzen errepasoa eta abar. Iragan mendeko bizipenen katalogo umiliagarria, hortxe-hortxe. Garaiz erretiratzeko ordua dela gogoraraziko digun esaldia identifikatzeko, arretaz egon besterik ez da egin behar. Mugikorren aurreko bizitzaren gorazarrearekin bat, elkarretaratzetik aldentzen hastea gomendatuko nuke, hobe baita oroitzapen onen zapore gozoari eustea, nahi baino bizkorrago zahartzen ari garela ohartarazten digun zaplaztekoa jaso baino.
Komeni da akordura ekartzea bihotzetik oroitzen dugula, ez burutik
Akordatu orduko, gure bizipenak lagunei eta ondorengoei kontatzen dizkiegu, harrotasunez askotan eta atsekabez bestetan. Edozein modutan ere, komeni da akordura ekartzea bihotzetik oroitzen dugula, ez burutik. Akordatu hitzaren etimologiari erreparatzen badiogu, hain zuzen, berehala ohartuko gara bihotza duela erroan. Akordatzea bihotzera hurbiltzea baita. Horregatik uler genezake, beraz, oroipenek gure barrenean eragiteko ahalmenaren garrantzia, gomutek bihotza samurtzeko edo harri bihurtzeko gaitasuna baitute.
Safo poeta lesbiarrak ederki zekien ahaztua izatea zeinen mingarria den. Memoriaren dohainak izenburua duen poeman horrela erantzun zion bere ondotik aldendutako neska-lagunari:
"Ez zaitez nitaz ahaztu
eta zoaz pozik, badakizu zenbat maite izan zaitudan,
eta, bestela, ahantzi ez ditzazun,
gogora ekarri nahi dizkizut
bion bizipen eder haiek".
Hortaz, asko jota oroitzapen huts bilakatuko garela onartuta, akordioa egin beharko genuke, Saforen eran, oroitzapenaren bitartez bihotzak elkartu eta guztion bizitzak edertzen gutxienez ahalegintzeko.