Norbera nor den jakiteko ez da aski bizitza oso bat. Argi zeukaten antzinako grekoek Delfosko Apoloren tenpluaren aurrealdean Ezagutu ezazu zeure burua aforismo txit ezaguna irarri zutenean, ez zela, ez, lan makala, hain zuzen. Eta badakit neronek ere, Delfosen oraindik izan gabe, gai hori ez dela inondik azalekoa, ezta arinkeria soila ere, askoz sakonagoko afera baizik, barruragokoa, erraien azpiragokoa. Barrena baino barrenagokoa, Chantal Maillard poetaren hitzetan.
Bizitza batekin, beraz, ezin jakin dezakegu ziurtasun osoz, edo laurdenez, nor garen, luzea izanagatik. Zalantza dut, ostera, gehiagotan biziz gero, geure burua ezagutzera helduko ote ginatekeen. Oraingoz ezezkoan nago. Bere burua oso ondo ezagutzen duela baieztatzen duenaz susmatzeko joera dut. Litekeena da neure kontua izatea; edo izaeraren zati bat; edo akaso ohiturarena; edo urteen eragina.
Ezjakintasunez beteriko gai honetan guztian, aitzitik, bada zerbait argi dudana: norbera ez dela bakarra eta berbera bizitza osoan. Eta gaitz erdi, gehienetan bederen, aldaketa onerako denean behinik behin, hori ez baita sarri gertatzen, ezta beti ere. Gutako bakoitza aldatzen joaten da urteen poderioz, labarreko harkaitza haizeak higatzen duen bezala. Haitza zorroztu daiteke, edo leundu, haizeen arabera. Gu geu ere inguratzen gaituzten pertsonek, tokiek nahiz giroek zorrozten edo leuntzen gaituzte. Eta, horrexegatik, orain garen gu hori orain arteko bizipenen ondorio bat besterik ez da. Nia inoiz estatikoa ez denez, aldaketa aurreranzkoa edo atzeranzkoa izan daiteke. Azter dezala bakoitzak berea.
Inguratzen gaituzten pertsonek, tokiek nahiz giroek zorrozten edo leuntzen gaituzte
Norbera ni ugariz osaturik dagoela esatera ere ausartuko nintzateke, betiere nor garen ezagutzea bizitzako lanik zailena dela jakinaren gainean egonik. Hortaz, nia bitan bereiziko nuke: barrukoa eta kanpokoa. Alegia, erakusten dugun nia eta ezkutatzen duguna. Edo ez erakustea erabakitzen duguna eta garena antzezten duguna. Horrek guztiak osatzen gaitu gu, hezurrek, organoek eta giharrek bezainbeste. Ni bakoitza, beraz, anitza da. Orduan, norbera ni askorekin osaturiko hori baldin bada, nor da bera?
Ildo beretik, "zenbat jende darama barrenean gutako bakoitzak" galdegiten du Castillo Suarezek Irautera liburuko (Elkar, 2019) poema eder batean. Eta nik, zenbat zehazten jakin ez arren, nia zenbatezina delako batez ere, asko erantzungo nuke ausardiaz. Esaterako, bizitzaren alor eta une batzuetan, ni idazlea naiz; eta beste batzuetan, berriz, ama, bizilaguna, alaba, ahizpa, bezeroa, kintakoa, laguna, lankidea, ezezaguna, ezaguna, eta abar amaigabe bat. Inguratzen nauen jendeak egiten nau ni.