Honezkero, ez gutun zuri eta ez gutun beltz, gutun-zurtz geratuak bide dira Danimarkako bizilagunak: datorren abuztuan urtea beteko da herrialde osoko 1.500 postontzi kentzen hasi zirela. Ai, Karen Blixen baroisa eta idazle gutunzaleak nonbaitetik kirik egin ahalko balie!
Itsas marakulu edo maskor bat belarri ondora hurreratuta aditzen den zarata ez omen da itsasoko olatuen marmarra, baizik eta norbere gorputzeko odolaren borborrak edo inguruko airearen dardarak eragindako oihartzuna; hori jakiteak bezainbeste zapuztu ninduen aditzeak Europako eremuan Iparraldeko deritzen herrialde aurreratu horietako batean eten egingo zutela posta-zerbitzua –jarduera atzerakoi, ez-errentagarri iritzita?–; behin betiko data ere jarri zioten, eta halaxe geratu zen bertan behera, 2025eko abenduaren 31n. Handik gerora inork gutun galdurik edo atzeraturik hartu ote duen, batek daki.
Zer egingo dute aurrerantzean danimarkarrek? Bizarzuriri urteroko gutunak idazteari uko egin? Gabonetako zorion-opak nork bere kolkoan gorde? Udako nondik-nahiko postalak ezin bidalirik/harturik etsi? Eskutitzak, izparringiak, urrutizkinak… denak ere hain urriak, nahiz eta boladan egon aldarri askotarikodun elastikoak, gutun-trukean oinarrituriko liburuak, filmak, erakusketak. Zer amestuko dute orain handiko aldekoek egun-argia ilunbista bihurtzen zaien sasoian? Zertan atsegin hartuko? Egun-egungo sare sozialen batetik zerbait istantean helarazten akaso, istanta bera bertatik bertara eta ber-bertan gozatzeko ahalmena menostuta? Alde ederreko pagotxa hitzen estraperloan aritzea! Ezta kolorerik ere!
Ai, Karen Blixen baroisa eta idazle gutunzaleak nonbaitetik kirik egin ahalko balie
Gutiziazko hitzak, eskuz izkiriatuak, hitz kutunak, ttunttunaren ahairea bailiran nornahiri arima pozez dantzarazteko modukoak; nahierara, eguneroko kartan, ahal bada. Izan ere, ba ote plazer txiki handiagorik, atsegin-emangarriagorik, dena delako hartzailearentzako gutun-azala eta posta-zigilua propio erosi, hitz hautatu batzuk –goxoak, maitekorrak, irri-eragileak, pozgarriak, mingotsak, tristeak– orri zuri batean edo koloretako askotan idatzi lumaz, arkatzez, boligrafoz, errotuladorez, edo inprimatu laser edo tinta bidez, gero orria(k) hiru zatitan doi-doi tolestu, gutun-azalean sartu, zigilua listuz edo kolaz itsatsi, gutun-azala ere antzera itxi, eta herriko postetxeraino eramatea edo kaleko gertueneko postontzian irristaraztea baino? Eta begiak ertireki ikustea haren aho luzangako zirrikitutik nola egiten duen txirrist barrunbe ilun beltzean behera; hori baino doinu zirraragarriagorik!
Probatze aldera, tentaldian erortzea onena. Udako oporraldia atalase ezinago aproposa izan liteke horretarako.